Urria 2016

0

Hil honetan hasi da, urriaren 20an, Adolfo Arejita astean behin Bizkaia Irratian euskera zuzena erabilteko estilo-oharrak egiten.

Euskera jatorra, zuzena, egokia erabilteko oharrak izango dira. Gure inguruan zabal-zabal dabilzan erabilera badaezpadakoak eta kalkoak alboratu eta euskaldunek erabili izan dabezan forma ohikoagoak zeintzuk diran jajiteko erabiliko dau Adolfo Arejitak “Lau haizetara” saioko tartea. Estilo oharrak izango dira, eta batez be ahozko hizkerara lotuak, ahozko erregistroa eta idatzizkoa ezbardinak dira eta. (gehiago…)

0

Ikasturte barriagaz beste ikastetxe baten hasi gara euskerazko eskolak emoten, Sodupeko Avellaneda ikastetxean.

Eskolaz kanpoko ekintza moduan egin zan eskaintza, eta talde bat sortu da C1 maila ikasteko. Maila hori gaindituta, EGA zein HABEko 3. mailako azterketara aurkeztu daiteke.

Eskolak urrian hasi dira eta ekainera arte iraungo dabe. Astean egun bi dira, guztira 120 ordu.

Labayruko irakasle bat joaten da ikastetxera eta hantxe bertan egiten dabez ikasketak.

Taldean goi mailako ikasleak eta eskolako umeen gurasoak alkartu dira, eskaintza hartzaile-multzo biontzat egin zan eta.

0
Bideoko lekukoak eta erakundeetako arduradunak.

Joan dan urriaren 14an, Altamirako liburutegian, Busturian etxetik kanpo dokumentalaren aurkezpena egin genduan. Hainbat lagun batu ginan: egitasmoan parte hartu daben lekukoak; herritarrak; Udaleko arduradunak Aitor Aretxaga, alkatea, Idoia Etxebarria eta Naiara Ruiz, zinegotziak; eta Labayru Fundazioko ordezkariak Adolfo Arejita, zuzendaria, eta Akaitze Kamiruaga, egitasmoaren arduraduna eta egilea.

Sakatu hemen ikusteko(gehiago…)

0

Etniker Euskalerria taldeek aurtengo batzarra Beran (Nafarroa) egin dabe, urriaren 1ean, Etniker-Nafarroako taldeari egokitu jakolako aurtengoa eratutea. Etniker taldeak bost dira, lurraldeka honetara banatuta: Etniker-Araba, Etniker-Bizkaia, Etniker-Gipuzkoa, Etniker-Iparralde eta Etniker-Nafarroa.

Taldeotako 22 kide Berako kulturetxean batu ziran goizeko 11:00etan, Ander Manterola, Atlas Etnográfico de Vasconia egitasmoaren zuzendaria, buru dala. Beragaz batera egon ziran mahaian Gurutzi Arregi, Atlaseko idazkaria, eta lurraldeetako idazkariak: Monserrat Ocio (Etniker-Araba), Luisma Peña (Etniker-Bizkaia), Michel Duvert (Etniker-Iparralde) eta Naiara Ardanaz (Etniker-Nafarroa).

Gai-ordenari jarraituta, iaz Moredan egindako batzarreko akta irakurri eta onartu zan eta idazkariek lurralde bakotxean egindako lanen barri emon eben. Nekazaritzari jagokon Atlaseko aleari buruz, maketatzen dabizala aurreratu, eta atalen aurkibidea banandu jaken batzartutako guztiei. Horregaz batera, zuzendariak hurrengo alerako eskema be banandu eban, jai-egutegia eta herri-erlijinoa gaiei jagokena. Amaitzeko, taldeetako kideek egindako argitalpen eta artikuluen barri emon zan.

Besteak beste, David Mariezkurrena Nafarroako Cuadernos de Etnología y Etnografíako zuzendari barria dala iragarri zan. Etniker Bizkaiako arduradunek, aldizkaria aurrerantzean Etniker izango dala aurreratu eben, eta zabalik dagoala lurralde guztietako  kolaboradoreentzat. Horrez ganera, Etnografiako blogerako jente gehiagok parte hartzea komeni dala gogoratu eben.

Batzarraren ostean kide guztiak herriko dolara bat ikusten joan ziran eta bertan bazkaldu eben gero. Arrastian, Julio Cario Barojaren eta familiaren hilobiak eta Itzea etxea ikusi ebezan.

Datorren urteko batzarra  antolatzea Etniker-Iparraldeko taldeari jagoko, eta Michel Duverten proposamenari ondo eretxita, Donibane Lohitzunen egitea erabagi zan. Etniker taldeen 40. urteurrena izango danez, ikertzailerik beteranoenak omenduko dira: Ander Manterola, Gurutzi Arregi, Josetxo Zufiaurre, José Antonio González Salazar eta Juan Cruz Labeaga.