abendua 2016

0

Abenduaren batean, euskerearen egunaren ospakizunakaz batera, aurkeztu zan Sopelako Kurtzio Kultur Etxean Sopelari buruzko ondare ibilbidea: Sopela: ikusiago eta maiteago, itsasoz eta lehorrez.

Bertan alkartu ziran Udaleko ordezkariak: Leire Basauri zinegotzia eta Aitzol Riol euskera teknikaria; bideoan parte hartu daben lekukoak: Bene Markaida eta Juanita Garai; eta Labayru Fundazioaren izenean Adolfo Arejita eta Akaitze Kamiruaga. (gehiago…)

0

Aurten be Durangoko Azokan egongo gara geure argitalpenak erakusten. Hizkuntza, literatura eta etnografiako lanak eroan doguz, batzuk ikertzaileentzat interesgarriak, beste batzuk zabalkundekoak.

Durangoko Azoka erakusleku ezinhobea izateaz ganera, lagunakaz bat egiteko lekua be bada eta Labayru urtero joaten da nobedadeak zein arteragoko argitalpenak erakusten.

Aurten eskaintza berezia egingo da Azokan Atlas Etnografikoa eta Labayru Hiztegia prezio berezian erosi ahal izateko. Horrez ganera, Aditza bizkaieraz ikasteko ariketa liburu barria, eta Idatz & Mintz aldizkariaren azkenengo zenbakia agertuko dira.

Aurten, dana dala, gure lanak eta corpusak sarean argitaratzeko ahalegin apartekoa egin dogu eta horren barri be zabaldu gura izan dogu.

0

Abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierkoaren egunean, Euskeraren Nazioarteko Eguna ospatzen dogu euskaldunok. Gaur egun, jai horren inguruan, alkarte eta erakunde gehienek eratuten dabez ekitaldiak.

Labayrun be badaukagu zer ospatu. Bizkaiko Foru Aldundiak Euskeraren Eguneko jardueren artean, Lauaxeta Saria emoten dau; aurten sarietako bat “Bizkaiko euskaltegiak” taldearentzat da, eta hor gagoz geu be. Saria abenduaren 2ko ekitaldian emongo dabe.

Horrez ganera, Labayrun Bizkaiko hainbat udalentzat egiten ditugu lanak, eta udalok egun horretako ospakizunak aprobetxetan dabez lanok herritarrei erakusteko. Hori dala-ta, abenduaren 1ean Sopelan “Sopela, ikusiago eta maiteago, itsasoz eta lehorrez” izeneko bideoa aurkeztuko da; hilaren 2an Laukizen “Laukiz. Dana emon bihar jako maite dan askatasunari” bideoa; 3an Arratzun han egindako ondarearen bilketa.

0

Hasi gara kulturako tailerrak emoten Begoñazpi ikastolan. Aste honetan Lehen Hezkuntzako sei mailetan, aurrekoan DBH 1 eta 2an, eta datorren astean Haur Hezkuntzako hiru mailetan.

Aurten kulturako edukiak tailerren bidez emoteko programea hasi dogu. HHko lehenengo mailatik DBH2ra bitartean, maila bakotxean hiru tailer egingo doguz. Lehenengo hiruhilekoak izan dira oraingoak, eta hurrengo hiruhilekoetan beste txanda bi egingo dira.

Tailerren helburua gure kultura ezagutzea da, baina ez eskola moduan, modu praktikoan baino. Era guztietako gaiak landu ditugu: jolas tradizionalak, herri kirolak, egutegiko jaiak ospatzeko moduak (Gabonak), eurei lotutako ohiturak, ogia egitea, ipuinak sortzea, herri-kantuak, lanbideak (artzaintza, errotak eta burdinolak), geografia eta kultura, gerrako kontuak, mendizaletasuna… Danak oso parte hartzaileak eta ikasleen adinera egokituta.