abendua 2017

0
Jose Ramón Blanco, Jabier Kalzakorta eta Josu Bijueska.

Jabier Kalzakortak, herri-literaturako adituak, baladen antologia bat argitaratu dau Euskal baladak / Baladas vascas izenburuagaz, Editores Muelle de Uribitarte argitaletxean. Antologia horretan, euskal balada hautu batzuk emoten ditu, gaztelerazko itzulpenagaz.

Aurkezpena abenduaren 19an egin dabe Cámara liburudendan, Bilbon. Egileagaz batera egon dira José Ramón Blanco editorea eta Josu Bijueska Deustuko Unibersidadeko irakaslea.

Baladak gure herri-literaturako genero berezia da. Poema narratibo honeetan gai historikoak, maitasunezkoak, heriotza bortitzekoak tratatzen dira. Gaur egunera arte heldu jakuzanak Jabier Kalzakortak batu ditu batez be, lehenago Antonio Zavala zanak egindako lanari jarraituz.

0
Talde honetako ikasleek taloa egin dabe.

Eskolako Gabon oporrak hartu aurreko egunak kultura-gaiei buruzko tailerrak egiteko egunak izan dira Begoñazpi ikastolan. Haur Hezkuntzatik hasita DBHra arte, maila guztietan egin doguz tailerrak egunotan, maila bakotxean gai bat landuta. Gabonak, lanbideak, ingurumena, kirolak, memoria… era guztietako gaiak erabili ditugu, eskolako programaren arabera aukeratuta. Adinaren arabera, gaia lantzeko metodologia be egokitu egiten da, alderdi ludikoa eta edukien transmisinoa biak lotuta.

Ikasturtean zehar hiru saio egiten dira maila guztietan, ikasketen osagarri.

0

Berrizko udalagaz batera urte asko daroagu beharren, ondarea batzen eta zabaltzen. Azken urteotan, ibilbideen ganeko bideoak egin ditugu, “Arrierreka, uraren indarra” eta “Baserria, gure zuztarrak ezagutzen”. Batean erreka inguruan sortutako garapena eta industria lantzen da (olak, errotak eta argi-indar makina) azaltzen dira, eta bestean baserriaren egitura eta esangurea. Bideo horreek sarean dagoz Labayruko youtube kanalean eta Berrizko udalaren webgunean.

Orain, bideo horreen osagarri, liburuxkak argitaratu ditugu, ibilaldi hori egin gura izan ezkero, zer ikusiko dan eta bidean zer topauko dan azalduaz. Horreek be, udalaren webgunean dagoz.

0

Bilbo erdian euskeraz jardutea da Berbagunearen helburua, urtero herri-erakundeek eta euskaltegiek eratuta. Aurreko deialdietan moduan, gure eskoletako ikasle-irakasleek parte hartu dabe ekintza horretan, taldeka-taldeka hainbat gairi buruz euskeraz berba eginez. Asko edo gitxi jakin, euskeraz ondo edo kili-kolo egin, erabiltea da erronka.