maiatza 2018

0
Luis Manuel Peña. Argazkia: Miguel Sabino Díaz.

“Karrantza ezagutuz” izenburuagaz jardunaldia egin dabe Karrantzan maiatzaren 26an. Herriagaz zerikusia daukien gaiei buruz berba egiteaz ganera, El Pingano errotaren bisitaldia egin dabe. Programaren barruan, Luis Manuel Peñak hitzaldia egin dau Atlas Etnográfico de Vasconia programari buruz eta, zehatzago, nekazaritzaren ganean egin barri dan aleari buruz.

Hitzaldian egitasmoaren historia azaldu dau, eta egitasmoaren sortzailea, José Miguel de Barandiaran, Karrantzako Manuel López Gilegaz lotu dau; izan be, Barandiaranen ikaslea izan zan eta 1921etik hasita Anuario de Eusko Folklore aldizkarian lotuta agertzen dira.

Jardunaldian Sergio Gonzálezek be parte hartu dau, Apuntes de etnografía blogean parte hartzen dauenak, material grafikoagaz batez be. Miguel Sabino Díaz be hizlarien artean izan zan; hau be Etniker Bizkaia taldeko kidea eta blogeko kolaboradorea.

 

0
Jabier Kalzakorta eta Dabi Piedra.

Jabier Kalzakortak argitaratu barri dauen Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa lana dala-ta, Bizkaie aldizkari digitalean alkarrizketa luzea egin deutso Dabi Piedra kazetariak. Bertan emoten ditu egileak hainbat jakingarri baladen generoari buruz eta lan-prozesuari buruz.

Irakurri alkarrizketa.

0

‘Eleketan’ programa kulturako gaiak modu ludikoan lantzeko tailerren multzoa da. Hiruhileko honetan hainbat emongo ditugu han eta hemen, eskolen eskariaren arabera.

Begoñazpi Ikastolan 11 tailer egingo doguz HH3n hasita eta DBH2raino. Izan be, ikastetxe honetan hiruhileko bakotxean lantzen da taller-sorta bat, eta aurten bigarren edizinoa dogu.

Beste alde batetik, Galdakaon hainbat ikastetxetan emongo ditugu HH3tik eta LH4ra bitarteko mailetan: Eguzkibegin 5 tailer, Unkinan 3 eta Gandasegin bat.

Gaiak era askotakoak dira: jolas eta lanbide tradizionalak, gure ingurua ezagutu, ospakizun jakinakaz zerikusia dabenak, memoria, ahozko hizkuntza eta kontalaritza, irrati-tailera, jatekoen ganekoak (taloa edo gaztaia egitea kasurako) eta abar. Tailer bakotxean jakingarriak azaltzen dira, eta horregaz batera jarduera ludiko bat egiten da. Bai edukia bai jarduerea adinari egokituta dagoz, eta gaiak eskolatik datorren eskaerearen arabera adosten dira.

Programa interesgarria da eta hazten doana, eskoletan ezeze, alkarte, liburutegi eta ostantzekoen bitartez be zabaldu daiteke eta.

0

Egunotan dohaintza bat hartu dogu gure Euskal Bibliotekan. José Antonio Aranburuk, Busturialdean eta Lea-Artibai inguruan Natxi ezizenagaz ezagunagoa danak, gure artxiboaren esku itxi dau 60 karteleko bilduma, Luis Angel Gainzaren bitartez. Bilduma horretan azken berrogei urteetako kartelak dagoz, gehien baten bertsolaritzagaz lotutakoak (bertso-saioak eta omenaldiak) eta herrietako jaietakoak. Batzuk inprentan aterata dagoz, eta baliteke beste nonbaiten kopiaren bat egotea, baina beste batzuk eskuz egindakoak dira, kopia bakarrekoak.

Kartel horreek katalogau, eskaneau eta gorde egingo dira Euskal Bibliotekak horretarako daukan fondoan. Honezkero 70.000 baino gehiago dira guztira.