abendua 2018

0

Urte barriagaz batera, urtarrilaren 7an itzulpengintza ikastaro bat jarriko dogu martxan, “Oinarrizko itzulpengintza eta idazketa zuzentasuna” izenekoa. (gehiago…)

0

Abenduan ospatzen dan Euskerearen Egunaren atxakian, Arratzun herriko jenteari batutako lekukotasunakaz osotutako bideoa aurkeztu dogu.

Hainbat herritarri grabazinoak egin deutseguz urtean zehar, herriko bizimodua lehen eta orain zein dan jakiteko eta atzetik datozen gazteek be jakin dagien.

Herriko andra eta gizonak, auzo batekoak eta bestekoak, baserrikoak, errotakoak, tabernakoak… bakotxak bere bizimoduko esperientziaren barri emonaz, herriko bizimoduari buruz gehiago jakiteko modua daukagu. Honezkero galduta dagozan lanbideak eta ohiturak, etxekoen arteko hartu-emonak, hizkuntzaren erabilera… hainbat gai erabili ditugu. Bideoan esandako horren guztiaren laburpena emon dogu.

0

Mungiako Udalak urtero eratzen dau Lauaxeta Olerki Lehiaketa, orain dala hamar urtetik hona, herriko poetaren gorazarre legez. Aurten, hamargarren urteurrena ospatzeko, aurreko urteetako olerki irabazleak liburu baten argitaratu ditue. Udalaren argitalpen hori egiten Labayru Fundazioak lagundu deutsie, eta Adolfo Arejita egon da aurkezpen ekitaldian, Ager Izagirre herriko alkateagaz batera.

Urte bakotxeko deialdian, Lauaxetaren olerki bat izan da gaia. Gai horren inguruan olerki bat sortu behar izan dabe lehiaketara etorri diran parte-hartzaileak. Halan osotu da liburua, hamar urtean irabazle bina, guztira hogei poema datoz liburuan. Egileak, ostera, gitxiago dira, batzuk errepikatu egiten diralako. Hona danen izenak: Atotz Goikoetxea, Elena Galzusta, Ibai Ayerza, Ugaitz Agirre, Imanol Sorondo, Ione Gorostarzu, Jabi Santa Cruz, Aitor Albistur, Gotzon Plaza, Antonio Casado eta Mikel Esteban.

Bai poema bakotxari jarritako irudiak bai azalekoa Enrique Morenterenak dira.

Liburua aurkezteaz ganera, aurtengo deialdiko irabazleei saria banatu deutsie ekitaldi berean, Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua bertan dala.

0

Durangoko azokako areto nagusian egin du Labayru Fundazioak Gaztea irratiarekin batera antolatu duen Botaba euskal esamoldeen erronkaren sari banaketa ekitaldia. Bertan izan dira, besteak beste, saridunak eta euskal esamoldeen erronka babestu duten enpresa eta erakundeak.

Oñatira joan da aurten sari nagusia, eta Abadiñoko, Zarautzeko, Gasteizeko eta Igorreko lagun-taldeek ere hartu dituzte sariak. Zazpi izan dira, guztira, Botabak aurten eman dituen premioak, eta lotura honetan kontsultatu daitezke.

Sari nagusia El Corte Inglesek eman du aurten ere. Talde irabazleak Europako hiriburu bat ezagutzeko aukera izango du, lau eguneko bidaian. (gehiago…)