martxoa 2019

0
Karmele Goñi eta Inese Rotaetxe. 2015

Martiaren 9an hil da Inese Rotaetxe Chalbaud Donibane Lohizunen. Ines familia euskaltzale handi bateko kidea dogu, bera izan dan moduan. Donibane eta Kanbo inguruan euskal giroa ereiten nabarmendu izan dira.

Haren ahizteak, Tere Rotaetxek, ikastolen sorrerako mobimentuaren historian presentzia handia dauka, eta euskerea eta euskal kulturari laguntzeko beste egitasmo askotan be.

Labayru Fundazioan Laguntzaile izan ditugu biak, Tere sortzaileetako bat zan, eta Inese gerotxuago Laguntzaile egindakoa.

Iparraldean bizi izan badira be, Hegoaldeagaz eta Bilbogaz hartu-emon handia euki dabe. Derioko Udako Ikastaroetan Iban eta Myriam Larroulet ezagun-ezagunak ziran, Ineseren seme-alabak. Labayruko Laguntzaileen urteko Batzar Nagusira be askotan etorri izan da Inese.

Barri honetarako aukeratu dogun argazkian Karmele Goñigaz dago, 2015eko Batzar Nagusian. Biak dira joan doan belaunaldi bateko ereduak eta azkenengotako kideak. Andra konprometiduak, beharginak, euskerea eta euskal kultura familian eta gizartean zabaltzeko ahalegin eta behar asko egindakoak, eta ez beti behar beste aitortu eta estimaduak.

Asko zor deutsie gaurko euskal gizarteak belaunaldi horretako andra eta familiei. Euren ondasun, indar eta familiak gizarte-helburu jakin batzuen alde jarri izan dabez, trukean ezer eskatu barik. Labayrutik, Ineseri eskertu egin gura deutsagu emondako laguntasuna. Eta bide batez, haren moduan hainbeste behar egindako andra guztiei.

0

Balendin Zabalo bermeotarrak batutako liburutegia hartu barri dogu. Balendin 2017an hil zan 84 urte zituala. Orain, etxeko liburutegia hutsitu dabe eta hainbat eta hainbat liburu batu dira, erlijino-gaiei buruzkoak Seminarioko liburutegirako eta euskal gaietakoak Labayruko Euskal Bibliotekarako.

Gure liburutegira guztira 800 bat ale heldu dira, gai askotakoak: hizkuntza, gramatika, literatura, nazionalismoa, historia, biografiak… Hori material guztia sailkatu, eta liburutegian egon ez dana gure katalogora gehituko da. Edozein kasutan, material interesgarria da guztiz.

Balendin Zabalok, 1958an abadetu zanetik, hainbat lekutan bete dau bere zerbitzua: Laukariz, Mungia, Gamiz, Arrieta eta batez be Mundakan. Baina horrez ganera, erlijinoko irakasle emon ditu hainbat urte Bermeoko institutuan.

0

Jabier Kalzakortak hitzaldia egin dau “Euskal balada historikoak” gaiari buruz Baionako Euskal Erakustokian otsailaren 21ean. Hitzaldi hau EKK (Euskal Kultur Erakundea) alkarteak antolatu dau “Euskal etnopolo” deitutako zikloaren barruan.

Jabier Kaltzakortak baladak daukien garrantzia eta edertasuna adierazi eban bere hitzaldian. Euskal baladen artean balada historikoak hartu zituen hizgai: “Bereterretxen khantorea”, “Egun bereko alharguntsa”, “Zaldiak eder zela”. (gehiago…)

0

Otsailaren 25ean Ander Manterola alkarrizketatu dabe Onda Vasca irratian. Javier Vizcaino kazetariak gidatzen dauen ‘Líderes de nuestra cultura’ saioaren barruan, ordubeteko barriketaldia egin dabe. Saioaren helburua da kulturaren arlotik gure herriko gidari izan diranak goraipatzea. Oraingoan, Ander Manterolak etnografian eta kulturan orokorrean egindako lana ekarri dabe gogora.

Labayru Fundazioak orain urte batzuk haren biografia bat argitaratu eban, Zeanuritik Euskal Herrira izenekoa, eta hori be gogora ekarriko dogu.