Urria 2019

0

Joan dan urriaren 28an, mahai-ingurua egin eben Deustuko Unibersidadean, Labayru Fundazioa gonbidatuetako bat zala.

Mahai-ingurua Euskal Hizkuntza eta Kulturako Graduko ikasleei egoan zuzenduta, “Urtenbide profesional ezohikoak” izenburuagaz. Itxura guztien arabera irakaskuntzan oin eta etorkizun hurbilean lana aurkitzeko aukera ziurra izanik be, beste urtenbide batzuk be izan daitekezala erakustea zan mahai-inguruaren helburua. (gehiago…)

0

Ondarearen Europako Jardunaldien harira, Ondarea plazara! lelopean, aurten be ikusentzunekoa landu dogu Busturiko Udalak eskatuta: Busturian lehengo amesak orain loran.

Bideoa joan dan urriaren 25ean aurkeztu zan Altamirako Kultur Etxean. Izan be, Altamirako Kultur Etxea eta Axpeko Gizarte-etxea atxakiatzat hartuta, XX. mendearen hasieratik eta gaur egunera bitartean, auzo bietan, kultur talde desbardinek izandako bilakaerea jorratu da.

Herri txikia izan arren, kultur talde eta kultur ekintzen aldetik, herri aberatsa eta eragilea izan da Busturia: antzerkia, dantzak, musika, kirola, jaien antolaketa… Umeak, gazteak eta edadekoak alkar hartuta, beti be, batzuen akulari lanari esker.

Aurkezpenera batu ziran egitasmoan parte hartu daben lekukoetako batzuk eta ostantzeko herritarrak. Bai batzuk eta bai besteek asko disfrutau eben aspaldiko kontuak gogoratzean.

Udalaren izenean Idoia Etxebarria eta Naiara Ruiz zinegotziak egon ziran eta Labayru Fundazioarenean Adolfo Arejita eta Akaitze Kamiruaga.

0

Dagoeneko heldu da Botaba esamoldeen erronkan lehiatzeko ordua; izan ere, behin “beroketa-fasea” amaituta, parte-hartzaileek azaroaren 4tik 25era arte izango dute aurreko egunetan ikasitako guztia probatzeko aukera.

Hortaz, epe horren barruan aurkeztu beharko dituzte lan guztiak. Esamolde bat edo batzuk aukeratuta, bideo bat grabatu beharko dute lehiakideek, gero Instagramera igotzeko #botaba traola erabilita. Dena dela, Instagramera igotzeko modurik ez duenak botaba@labayru.eus posta elektronikora bidaltzeko aukera izango du. Esamoldeak ondo erabiltzea eta bideoa originala izatea izango dira, besteak beste, sariak banatzeko epaimahaiak kontuan hartuko dituen ezaugarrietako batzuk. (gehiago…)

0

Joan dan urriaren 23an, Deriora etorri ziran Xabier Amuriza eta Karmelo Uriarte. Bisitaren arrazoia zan Karmelok idatzi dauen liburua ia argitaratuko dogun.

Karmelo Uriarte Zeanurin jaioa da, Ipiñaburutik gorako baserri baten. Han bizi zaneko bizimodua, beharrak, familia-hartuemonak, lagunartea, ohiturak eta siniskerak barru-barrutik bizi izan ditu eta halantxe kontau. (gehiago…)