Sareginena belaunaldiz belaunaldi transmititu den lanbide tradizionala da, eskuz egiten dena eta espezializazio handikoa. Historikoki, Bizkaiko portuetako sareginak itsas jardueraren euskarri sendoa izan dira. Haien lana ezinbestekoa izan da arrantzaleek hurrengo egunean itsasora joateko moduan sareak prest izateko. Hala ere, azken urteetan baxurako arrantzak izan duen beherakadarekin, lanbide honek gainbehera handia jasan du, eta gaur egun desagertzear dagoen ofizioa da.

Enpakadorak Ondarroako lonjan, 2022-06-19. Egilea: Gabo Punzo. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.
Bizimoduko beste arlo batzuetan gertatzen den bezalaxe, itsasoko munduan ere gizonezkoen eta andrazkoen zereginak eta lanak ondo bereiztuta egon izan dira, eta daude gaur egun ere. Andrazkoen papera kostaldean, emazte eta ama izatea baino askoz ere garrantzitsuagoa eta zabalagoa izan da. Itsasoko emakumeen zeregina gizonezkoen lanaren osagarri izan bada ere, ezinbestekoa izan da arrantza jardueran. Izan ere, gizonen ardura nagusia itsasora irten eta arraina ekartzea izan da; baina behin portura helduta, lan gehienak emakumezkoek egin izan dituzte, eta euren erantzukizuna izan da arraina deskargatzea, garraiatzea eta salmentarako prestatzea; sareak konpontzea, arraina saltzea, etab.
Oharkabean aldamenetik igarotzen garen arren, ohikoa da, oraindik ere, gure herrietako etxeetako hormetan argollak ikustea. Argolla, uztaia, anilla, txinga edo zirgilo moduan ezagutzen den objektu honek iraganaren berri ematen du. Bere xumetasunean ondare kultural izenda genezake; gure hiri eta herri paisaian txertatua dagoen objektu historikoa baita. Astoak edo abereak lotzeko erabiltzen ziren argollek, kaleetako aldaketa eta berrikuntza guztien alboan mantendu badira ere, arbasoen bizimoduekiko leihoa irekitzen dute. Izan ere, ondare sinboliko diren objektuok iragandako bizimodua gogora ekartzeko gaitasuna dute. (gehiago…)
Martxoaren 14an, Mungiako Torrebillela kultur etxean Jule Gabilondo Maitek Donibane Lohizunen 1937-1938. urteetan idatzitako Jel-azia liburua aurkeztu zen. Hitzaldi-aretoa jendez beteta egon zen, mungiarren artean herriko alabaren inguruko jakin-mina eta interesa bazegoela seinale.
Jule Gabilondo Arruza-Zabala Mungian jaio zen, 1902ko urtarrilaren 29an. Gurasoak: aita, Juan Gabilondo Azurmendi gipuzkoar medikua (Zegama), eta ama, Idoia Leonor Arruza-Zabala Etxaburu bizkaitarra (Gueñes). Amaren aldetiko aitita Raimundo Arruza-Zabala mungiarra zen, Gueñes herrira ezkondu zena; baina urteak garrenean Mungiara bueltatu zen familiarekin.
(gehiago…)