Dantza bera[1] eta dantza tradizionala[2] gertakari sozialak dira, ezer izatekotan: komunitatea, memoria eta identitatea artikulatzen dituen praktika kulturala. Dimentsio estetikoaz harago, dantzak gizarteko harremanak antolatzen eta arautzen ditu, balio sinbolikoak adierazten ditu, eta festa erlijiosoetan eta komunitatearen jaietan izaten da: erromerietan, inauterietan edo/eta nekazaritza-arloko ospakizunetan. Idatzi gabeko kodeen bidez artikulatzen eta ulertzen dira, eta kode horiek definitzen dute zer, nork eta non dantzatu, eta zer arau erabili dantzan. Dantza erritualak horren guztiaren adibide dira, esaterako; izan ere, egitekoak zorrotz banatuta daude eta keinu bakoitzak balio erritual bat du (Barandiaran, 1972).