Urtea hasi bezala amaituko da: gozoki eta alkohol artean, gala- eta etiketa-jantzien artean, konfeti eta serpentinen artean… eta, ahal bada, barruko arropa gorriarekin. Hori bai, Inauterietan, San Joanetan, herriko festetan, Halloween festan, Neguko Solstizioan edo era guztietako jai pribatuetan (kuadrillak, agur-festak, ikastetxeak, etab.) ohikoak diren mozorroak eta maskarak ere ez dira faltako.
Dantza kontuak han eta hemengo festa askoren erdigunean dauden moduan, Gipuzkoan ospatzen diren inauterietan ere protagonismo handia dute. Lerro hauen bidez Gipuzkoako inaute-dantzetara hurbilduko gara, kontutan hartuta dantzak testuinguru baten zati direla eta, beraz, karnabaletako beste elementuekin nahasten direla ezinbestean; esaterako, dantzarien jantzi edo mozorroak, edota puska-bilketan egiten dituzten dantzak.