Ardoak asko izan du edaritik, elikagaitik, liturgiatik; salerosgaia izan da, erritualetan egon da, ospakizun eta zeremonietan, prestigio soziala eman du, eta, halaber, antzina bere kontsumoak mundu barbaroaren eta zibilizatuaren arteko muga ezarri zuen. Horregatik guztiagatik, mahatsondoak eguraldia helburu horretarako hain egokia ez zen lekuetara ere iritsi ziren; ardo horietako bat gure txakolina izan zen. Hala, izendapen geografikoa ipini beharrean, gure ardoa haren ezaugarri organoleptikoak goratu baino gehiago gutxiesteko asmoz jarritako adjektibo batekin bataiatu zuten.
Txakolin(a) historikoki penintsularen iparraldean ekoitzi izan den eta urte batzuetatik hona Euskal Herrian jatorri izendapena duen edari alkoholdun baten izena da.
Esparru sozio-kulturalean, edari hori zerbitzatzen eta dastatzen zen gunea (eraikina, lokala, etab.) izendatzeko ere erabili izan da.
Alabaina, badu izenak beste esanahi bat, ezezagunagoa; hain zuzen ere, Bizkaiko, Gipuzkoako eta, hain zabalduta ez badago ere, Arabako lurraldeetan askotariko koreografia, doinu eta letra aldaerekin ezaguna izan den dantza bat izendatzen du.
Mahatsa biltzeko sasoia da Euskal Herrian. Azidotasuna, azukrea eta beste hiru edo lau parametro kontrolatzeko analisien bidez, txakolin-ekoizleek mahatsaren heltze-maila optimoa bilatzeko ahaleginetan dabiltza.
Gure baserrietan ohikoa izan da txakolina egitea, etxekoen kontsumorako. Mahatsondoak baratze eta soro-ertzetan landatzen ziren gehienbat, baita soroak banatzeko balio zuten ilaretan ere. Duela mende-laurden bat, dozena bat hektarea mahasti inguru zeuden Bizkaian; gaur, laurehun baino gehiago daude.