Durangoko Azoka topaleku ezinbestekoa dogu euskal kulturaren inguruan gabilzanontzat. Labayru huts egin barik egon izan da bertan bere argitalpenak eta barriak erakusten, guretzat erakuslehio garrantzitsua dalako.
Aurten be han izango gara. Nobedade moduan, gainera, aurten Irudienean Emakumeak herri kiroletan: geu ere bagara nor dokumentala erakutsiko da abenduaren 8an, arrastiko 4:00retan. Orain arte liburuak eta aldizkariak eroan izan ditugu nobedadetzat Azokara, baina aurten dokumentalaren estreinaldia eskainiko dogu, Zugaza zinema-aretoan. Bertan izango dira dokumentalaren protagonistetako batzuk be.
Herri-kiroletan andrazkoek egin daben ibilbidearen barri emoten da saio horretan, ez modalidade guztietan, baina bai hainbat arlo esanguratsutan. Bertan ikusten da nondik eta nora heldu diran androk herri-kiroletara, zelan agertu diran plazan, amatasuna zelan gainditu, bidean izandako eragozpenak eta beste hainbat gai, danak eurek azalduta. Ekarpen handia dalakoan gagoz andren ikusgarritasunaren aldetik.
Horrez gainera, Landakoko estanean ‘Munduenea’ bildumako ipuinak eskainiko ditugu batez be, umeentzat eta kulturartekotasunari heltzeko bidetzat landutako proiektua.
Horreekaz batera, Angel Ugartebururen Hegan eta jare liburua egongo da eskuratzeko, aurtengo argitalpen barria. Eta Galdakaoko Ganguren mendi taldearen 80. urteurrenerako egin barri dogun memoria liburua be salgai izango dogu.
Era eta gustu guztietarako gaiak. Baina garrantzitsuena han bat egitea izango da. Laste arte.