Labayru Gaur

0

Labayru Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu barri dau Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzagaz lau urterako. Hitzarmen horren bidez, erakundeek Labayru babesten dabe, Bizkaian eta Bizkaiko euskereari buruz egiten dauen lanari jarraipena emoteko.

Lau urterako hitzarmena da, aurretik egindakoen jarraipena. Horren babespean Labayruk hainbat lan egin izan ditu, baina azkenengo urteotan hiztegia eta gramatika gaiak lantzera bideratuta dago batez be. Geure hurreko hizkeratik abiatuta, ahozko erregistroetan zein idatzizkoetan erabilten diran berba eta esamoduen erregistroa egiten jarduten dogu. Iturri oparoa da eta oso garrantzitsua da geurea jasotea euskera batuan be kontuan hartzeko.

Ahozko erregistro biziak behar ditue hiztunek egoera guztietan euskeraz jardun ahal izateko, eta hori jasotea guztiz garrantzitsua da transmisinoari begira. Hiztun barriek euren esamoduak sortzen dabez, beharrizan sortu barriei erantzuna emonaz, eta halangoak be gorde beharra daukagu.

Labayruk 50 urte beteko ditu datorren urtean. Ibilbide luze horretan ekarpen emonkorra egin dau euskeraren eta euskal kulturaren aldetik. Izan be, beti landu dau hizkuntza bere testuinguru sozialean, literaturaren bitartez egindako adierazpideak kontuan hartuta, eta bizirik dagoan erregistro aldakor modura. Horregaitik, herri ondareko egitasmoetarako egindako grabazinoak hiztegirako iturri agortezina dira; eta, aldi berean, hizkuntza premina barriak sortzen diranerako, lehenagotik jasotako formak erreferentziatzat hartzen dira, erabilera barriak egokitzeko.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.