Labayru Gaur

0

Botaba Euskal Esamoldeen Erronkaren hirugarren edizioa izan dugu aurtengoa eta, aurten ere, hainbat parte-hartzaile batu zaizkigu egitasmora. 60 bat bideo aurkeztu dira inoiz baino gazteagoa izan den lehiaketara eta Euskal Herriko hainbat lekutara heldu gara: Donostia, Gasteiz, Hondarribia, Ermua, Ondarroa, Bilbo, Iurreta, Pasaia, Gernika, Eibar, Ordizia, Zaldibia, Arama, Sopela…

Beste behin, sari potoloak egon dira jokoan. Sari nagusiaz gain, esamolde originalena ere saritu dugu. Eta gainera, lehiaketara aurkeztutako lehenengo hamar parte-hartzaileen artean Bilbao BBK Live-erako lau sarrera zozkatu ditugu, Last Tourren eskutik. Porru eginda esamoldearekin Ermuko @igpermua taldeak egindako bideoak irabazi ditu sarrerok.

Bestalde, aurtengo berrikuntzetako bat, txapelketaren egitura bera izan da. Hartara, lehiaketa hasi aurretik, “beroketa-fasea” martxan jarri da urrian, parte-hartzaileek, jolasean ondo pasatzeaz gain, lehiaketan nola parte hartu behar den ikas dezaten. Fase horretan, Last Tourren eskutik beste behin ere, Donostia Festibalerako lau sarrera irabazi ditu Hondarribiko @mala48177 taldeak enterru zibila egin esamoldea antzezteagatik eta Iurretako @_pauleazpi_ lehiakideak, berriz, pertsonalizatutako Mr. Euskaldun produktuak eskuratu ditu jota egon esamoldearekin.

Sari nagusia aurten Bizkaia aldera joan da, Sopelara hain zuzen ere. Lehiaketako epaimahaiak Garoa Lopezortega izendatu du irabazle nagusi beheak behera etorri eta lau-zortzi egin esamoldeekin egindako bideoagatik. Esamoldeak kontestu eta modu egoki batean erabili ez eze, esamolde original biren ekarpena egin du sopeloztarrak eta Europan zehar hilabete osoz bidaiatzeko Interraileko lau txartel irabazi ditu Labayru Fundazioaren eskutik.

Esamolde originalenaren saria, berriz, Bilboko @intxaurrondohandia taldeak irabazi du, intxaurra hausteko harri egokia aurkitu esamoldearekin. Leaktibaik eskainitako lau lagunentzako abentura-esperientzia batekin gozatzeko aukera izango du taldeak.

Urtero legez, sari-banaketa ekitaldia Durangoko Azokan egingo da. Abenduaren 6an izango da, 14:00etan, Landako Guneko Areto Nagusian. Iban Garcia aurtengo edizioko enbaxadoreak egingo ditu aurkezpen lanak eta erakunde zein babesleen ordezkariek parte hartuko dute.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.