Kategoria: Euskal Biblioteka

0
Felipe Manterola. Auto-omnibusa Barazarren.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Aretoan “Diligentziatik Bizkaibusera” izeneko erakusketa dago. Azpitituluak berak adierazten dau zer dan erakusketaren mamina: Bizkaiko autobus bidezko garraio publikoaren historiari buruzko erakusketa”.

Miguel Martín Zurimendik bideratu dau erakusketa, personak garraiatzeko erabilitako 120 urtean erabili diran auto motak batuta. Aldaketa itzela egin da da denpora-tarte horretan, bistan danez.

Hori guztia ilustratzeko erabili diran iturrien artean, Labayru Fundazioko Argazki Artxiboko hamar bat argazki erabili dira, hain zuzen be, Felipe Manterolak egindakoak.

0
Artxiboetako laguntzaileak Ubiden

Ubiden alkartu dira Lazkaoko Beneditarren Fundazioko, Sancho el Sabioko eta Labayru Fundazioko artxiboen arduradunak eta euren laguntzaileak. Hiru artxiboen arteko hartu-emona aspaldikoa da, trukea egiten dabe eta kezka barditsuei aurre egin behar izan deutsie.

Lazkaotik Aita Juan Jose Agirre eta Miren Barandiaran, Sancho el Sabiotik Carmen Gomez, Jesus Zubiaga eta Txaro Martínez, eta Labayrutik Ander Manterola eta Jon Elorriaga egon dira.

Eurakaz batera, Labayruko Euskal Bibliotekan laguntzen jarduten dabenak, beste bientzat be materiala hornitzen dabe eta. Guztira 25 lagun batu dira, harmonian eta giro onean.

Laguntzaile-talde sano behargina eta eragina da eta merezi dabe holango oparia.

0
Ander Manterola, Pantxoa Etxegoin, Jon Elorriaga, Luis Angel Gainza.

Abenduaren 22an Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundearen (EKE) zuzendariak bisita egin dau Labayruko Euskal Bibliotekara.

EKE erakunde publiko bat da, Uztaritzen egoitza daukana. Bere helburua Iparraldean euskal kultura ikertu eta zabaltzea da.

Luis Angel Gainza kolaboradorearean bitartez etorri da Etxegoin, hemendik aldizkari eta liburu batzuk euren liburutegirako eroateko. Horreekaz batera gure argitalpenak be eroan ditu, euskereagaz lotutakoak batez be.

Euskal Kultur Erakundeak Uztaritzeko egoitzan liburutegia dauka ikertzaileentzat; horregaitik, gure Euskal Bibliotekagaz materialen trukerako hartu-emona dauka, eta oso eretxi ona hartu deutso.

0

Begoñazpi Ikastolak gizartean lan eta alkartasun baloreak zabaltzen eredu izan diran personen ibilbidea saritzen dau. Bederatzigarren edizino honetan Ander Manterola eta Eduardo Junquera aukeratu ditu epaimahaiak sarigai, bakotxak bere arloan gizarteari egindako ekarpenagaitik.

Ander Manterolaren kasuan, euskera eta etnografia arloetan euskal gizartearentzat egindako beharra nabarmendu dau epaimahaiak. Gizon eragina, erakunde-sortzailea, alkartasunean lan egindakoa dala hartu dabe kontuan.

Sari emotea azaroaren 14an izan da Begoñazpin bertan. Nestor Basterretxeak egindako ikurra emon eutsien Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura sailburuak eta Mario Iceta Bilboko gotzainak. Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Koldo Narbaiza zinegotzia, Eleizbarrutiko ikastetxeetako ordezkariak eta beste arduradun eta lagun asko batu ziran ekitaldira.

0
Jean Mixel Bedaxagar, Igone Etxebarria, Maite Deliart, Jon Bagues.

Mintzolak eratuta, urriaren 27an jardunaldia egin dabe Villabonan kantu tradizionalak batu eta gordeten jarduten daben lau erakundek. Hizlariak izan dira Maite Deliart Euskal Kultur Erakundearen izenean; Jon Bagues Eresbilen zuzendaria; Jean Mixel Bedaxagar Sü Aziako burua eta Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren ordezkari. Gai-jartzaile Nere Erkiaga, Xenpelar Dokumentazio Zentrokoak jardun dau. (gehiago…)

0
San Martin familia Derion liburuzaingaz.

San Martin familiako kideak Derioko Euskal Bibliotekara bisitan etorri dira irailaren 9an. Jose Mari Argoitia zanaren senideek Labayru Fundaziora bideratu dabez haren ondasunetako batzuk, kultura-gaietako liburu, disko eta bideoak gehien baten. Helburua da ez daitezala galdu; horregaitik, Euskal Bibliotekari eretxi deutsie gordailu egokia, katea eten barik, beste batzuen eskura geratu daitezan.

Jose Mari Argoitia (Ondarroa 1958-Loiu 2016) kazetari moduan behar egin eban EITBn, batez be kultura eta musikako saioetan. Horrez ganera, oso ezaguna zan kulturako arloetan, kantari oso ezagunen kantuen sortzailea, kultur ekintzen eragile… Bere jakituria eta jakinmina neurri bakoak ziran, eta horren erakusle dira etxean zituan liburu, disko, bideo, aldizkari eta euskarri guztietako argitalpenak.

Ondorengoek horreek Labayru Fundazioaren esku jarri ditue, eta honek apurka-apurka bere katalogoan txertatuko ditu, gura dauenak konsultea eskura euki daian.

0
Ruper Ormaza, Koldo Ordozgoiti, Iñaki Goiogana, Adolfo Arejita.

Alberto Onaindia zana gogoan hartu dabe Bidebarrietako liburutegian mahai-inguru baten maiatzaren 24an, Unesco Etxeak eratuta aurrendari nazinoartekoenak ezagun bihurtu guran. Ruper Ormaza moderadore, eta Adolfo Arejita, Iñaki Goiogana eta Koldo Ordozgoiti hizlari dirala, haren biografia, ekarpen historikoa eta artxiboa gai hartu eta hainbat jakingarri garandu dabez: bizitzako ibilaldiak, abade betekizunek nora eroan eben, Agirre lehendakariaren aholkulari zala egindakoak, nazinoartean euki ebazan gorengo mailako hartu-emonak, irrati-gizon aurreratua…

Hiru hizlariok jakitun-jakitunak dira gai horretan eta guztiz interesgarria izan zan saioa. Koldo Ordozgoitik, gainera, irrati-tarteak entzuteko ekarri zituan. Alberto Onaindiaren ahotsa zuzenean entzutea zirraragarria izan zan. (gehiago…)

0
Enrique Aramburu, Ander Manterola, Naiara Ardanaz, Anton Erkoreka.

Maiatzaren 24an, Labayru Fundaziora bisitan etorri dira Naiara Ardanaz, Nafarroako Unibersidadeko Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren arduraduna eta Etniker-Nafarroako burua; Anton Erkoreka, Euskal Herriko Unibersidadeko Medikuntzaren Goti Museoaren zuzendaria eta Etniker Bizkaia taldeko kidea; eta Enrique Aramburu, botikaria eta Plentziako Farmazia-Museoaren arduraduna. Bisitaldi horretan, Euskal Biblioteka ikusi eben, lan-batzarra egiteaz ganera.

0
Ander Manterola, Jon Elorriaga, Mikel Bilbao, Luis Angel Gainza.

Apirilaren 21ean Mikel Bilbao, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte eta Musika Saileko irakaslea, bisitan egon da Labayruko Euskal Bibliotekan.

Mikel Bilbao Arte Eder Museoak 2015eko urrian zabaldu eban “Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren Bildumako kartelak (1886-1975)” erakusketako komisarioa izan da. Horretan da aitua bera, kartelgintza dau doktore-tesirako gaia be.

Gure Liburutegian kartelak ikusteko etorri da, izan be, 80.000 kartel inguruko fondoa daukagu, batzuk berak ezagutzen ez zituanak be. Oso irudi ona hartu dau, bai batzuen balio artistikoagaitik bai kopuruagaitik

0
EuskoTrenegaz kontratua sinatzen, 2004an.

Zaha Hadiden heriotza ezustean etorri da martiaren akabu honetan. Hori dala-ta, Euskal Herriagaz euki dauen hartu-emona gogoan dala, hedabideetan hainbat aitamen ikusi dogu. Izan be, Zorrotzaurren eta Durangon egitasmo potoloak euki ditu egiteko, hirigintza aldetik eragin handikoak. Hartu-emon horreen lekukotasuna han eta hemen dago, baita gure artxiboan be.

Rafael Batarritak Labayru Fundazioari emondako fondoan era askotako bideo-grabazinoak dagoz, tartean Zaha Hadidek gure artean egindako ekitaldienak. Guztira hiru bat orduko bideo-grabazinoak dira, eta argazkiak; Durangoko egitasmoa dala-ta, berak emondako hitzaldia eta EuskoTrenegaz egindako hitzarmena sinatzen besteak beste.

Ikusi bideoa.