Labayru Gaur

0

Etniker Euskalerria Taldeek urteko batzarra egin dabe urriaren 28an Saran (Lapurdi). Izan be, aurten Iparraldeko taldearen txandea izan da batzarra antolatzeko.

Batzarraren aurretik Sarako eleizako bisitaldia egin dabe, atzerriratuta egondako urteetan José Miguel Barandiaranek egunero mezea emoten eban lekua. Horrez ganera, han dago lurperatuta Axular euskalari handia. Michel Duvertek emon ditu Eleizaren historiaren ganeko argibideak. Bide batez aurten hildako laguntzaileak gogoratu dabez.

Horren ostean Etniker Taldeetako kideak Sarako udaletxean batu dira. Han, J-B Laborde alkateak harrera egin deutsie euskeraz. Ondoren, aurreko batzarretik hona hildako hiru laguntzaileak ekarri dabez gogora: Mirentxu Goñi, Karmele Goñi eta José Ramón Macua.

Nafarroako koordinatzaileak aurreko batzarreko akta irakurri dau, Beran egindakoarena. Aho batez onartu dabe. Lurraldeetako idazkariek inkesten egoeraren barri emon dabe eta baita be talde bakotxak egindako argitalpenena.

Atlasaren zuzendariak, Ander Manterolak, zortzigarren ale argitaratubarria aurkeztu dau, Agricultura en Vasconia izenekoa, eta datu jakingarrienak azpimarratu. Hurrengo gaia zelan landuko dan be azaldu dau, “Herri-egutegia eta herri-erlijinoa” gaiari buruz.

Azkenik, Etniker Taldeen sortzaileak goratu dabez: Ander Manterola, Gurutzi Arregi, José Antonio González, Isidro Sáenz de Uruti, Josetxo Zufiaurre eta Juan Cruz Labeaga. Bakotxari agiri bat emon deutsie.

Alkarregaz bazkaldu ostean, taldea Zuhalmendi mendira joan da, bertako txarri-arraza hazten daben lekua eta Napoleonen garaiko gotorlekua ikustera.

2018ko batzarra Bizkaian egingo da, lurralde horretako taldearen txandea da-ta.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *