Etnografia atalak

0

Erromerietan falta ezin zirenak. Josu Larrinaga Zugadi

Erromeria hitzak, jatorrian, Erromara edo kristautasunaren beste gune esanguratsu batzuetara egiten ziren erromesaldiak adierazten zituen. Gero, herri tradizioan, ermita edo santutegi batzuen inguruko zelai eta muinoetan jendeak egiten dituen jai-ospakizunetara egokitu da. Horrez gainera, leku sakratu horietara fedeak erakarrita egiten den erromesaldia, eta hara joaten direnek eta erromesek egiten dituzten elizkizun- eta jai-ekitaldiak ere adierazten ditu. Erromeriak eguraldi oneko sasoietan egiten dira: udaberrian eta udagoienaren amaieran gehien bat.

Bestalde, Garizuma ez da garai egokia izan erromeria-ospakizun horiek antolatzeko. Izan ere, aldi horretan murrizketa ugari zegoen: barrura begirako aldia zen, kanpoko erakustaldiak bertan behera utzita: ezkontzak, dantzak, alaitasun-adierazpenak, jokoak, apustuak, etab.; eta derrigorra zen baraua eta bijilia egitea. Aipatutako azken bi horiek salbuespenen bidez arindu zitezkeen: gaixotasunen batek, haurdunaldiak edo lanen batek eraginda; edo diruz ordaindutako baimen edo garizuma-bulden bidez. Buldak banakoak edo orokorrak izaten ziren.

San Jose eguneko erromeria (Deusto, 1903). Posta-txartela (egilearen artxiboa)

Ingurugune horretan kokatzen da San Jose eguna (martxoak 19), udaberriaren etorrerari lotuta eta Garizuma-aldi aldakorraren barruan. Egun horretako erromeria, Bizkaian, urteko lehenengoa izan da. Bereziki, Deustuko elizate zaharrean XX. mendeko lehen hamarkadetatik ospatzen da, eta sekulako ospea lortu du (gaur egun, San Pedro zaindariaren jaiak baino garrantzitsuagoa da). Aurretik, egun horretan estreinatu beharreko arropa prestatzen hasten ziren, eta erromesek holakoak esaten zituzten: “San Jose heldu da, eta abarketa zuriak estreinatuko ditugu” edo “urteko lehenengo abarketa zuriak!“. Aparteko ardurarekin zaintzen zituzten abarketok, baita klarionaz zuritu ere.

Bezperan, iluntzean, udal banda “Jose” izeneko gizonezkoen etxeetara joaten zen eta pasodoble bat eskaintzen zien. San Jose eguneko erromerian jendetza handia batzen zen, hainbat herritatik etorritakoa (Erandio, Sondika, Abando, Bilbo, Derio, Basauri, Getxo, Arratia, etab.). Erromesak paseoan iristen ziren San Pedro plazara, eta han egiten ziren meza nagusia eta ohiko aurreskua. Horren ostean, jendea, adiskideekin edo senitartekoekin batera, inguruan geratzen zen, bai txosnetan (“la Ceñuda edo la Sañuda“, “la Novilla” eta abarrek ipinitakoetan), bai aldi baterako zabaltzen ziren txakolinetan (“la Parra, “Los Odria”, Ortuondo, Matxintxu, eta abar). Egun horretako ohiko menua arkume errea eta entsalada izaten zen, gotzain-bulda edo lizentzia berezia ematen zitzaielkao bertako biztanleei eta hara joandako erromesei.

Erromeria Deustun. Óleo de José Arrue, 1947

Arratsaldean, ohiturari jarraituta, herriko plazan edo espazio publikoetan erromeriako dantzaldia egiten zuten, musika-bandak eta danbolinteroak edo udal-txistulariak txandaka alaituta. Aldi berean, plaza inguruan, hainbat musikari ibiltari jartzen ziren (plazan jotzeko eskubiderik ez zutenak: pandero-jolea, soinularia, gitarra- eta biolin-jolea, dultzaineroa, etab.). Egun horretan hasten zuten urteroko erromeria-sasoia. Leku altuan jarri, jarraitzaile talde propioak osatu eta euren errepertorioak jotzen zituzten (dantza lotuan, “a lo agarra(d)o“: pasodobleak, txotisak, tangoak, habanerak; eta dantza soltean, “a lo suelto“: jota eta purrusalda). Mutilei dantzako 10 zentimo (txakur handia) kobratzen zieten, pezetea arratsalde osoa izanez gero. Dantzaldia eta San Jose eguneko erromeria bera iluntzean amaitzen ziren, musika-bandaren jotarekin edota pasodoblearekin. Handik zortzi egunera berriro egiten zen erromeria, errepetizinoa, baina horrek ez zuen hainbesteko osperik.

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~