Etnografia atalak

Jairo Castillo. Labayru Fundazioa.

Oilo errule on batek, oilo finak, honela jokatzen du: erruten hasten denean, egunero arrautza bat egiten du hiru egunez jarraian, eta laugarrenean atseden hartzen du; egunero bat egiten jarraitzen du beste lau egunez, eta berriro hartzen du atseden-egun bat; egunero bat egiten jarraitzen du beste bost egunez, eta atsedena ostera ere; horrela ematen ditu hiru hilabete, eta horiek igarota, nahi eta nahi ez, lokatu, mikatu, edo hil egiten da.

Mikatu edo lumaberritzen denean, arrautzak erruteari uzten dio; urtean behin gertatzen da hori. Hilabete bat edo bi iraun ohi duen denboraldi (mika-aldi) horren ostean, dotorezia itzultzen zaio, jantzi edo edertu egiten da, eta arrautzak egiten hasten da berriro.

Akaitze Kamiruaga.  Labayru Fundazioa.

Lokaldia eta inkubatzea

Arrautzak erruteari uztea, kakara desberdin egitea eta oilategitik irten gura ez izatea lokaldiaren adierazle argiak dira. Lokatutako oiloa, oiloloka, ezarri egiten da dozena bat inguru arrautzarekin. Garrantzizkoa da arrautzak ondo estaltzea, eta, horrenbestez, ahalegina egiten zen inkubazioa gizenenek egin zezaten. Txita hobeak lortzeko, batzuetan, auzokoek arrautzak ematen zizkioten elkarri. Eta ez zen harritzekoa izaten oiloa leku ezezagunen batean inkubatutako txita-multzo batekin agertzea.  

Oilokien inkubazio-aldiak hogeita bat egun irauten du; eta ahateenak, antzarenak…, astebete gehiago. Arrautzak berotzen dituzten bitartean ia ez dira habiatik altxatzen, jateko eta edateko besterik ez. Txitak jaio ondoren, amak bi hilabete inguru ematen ditu haiekin, eta gero haiengandik aldentzen da, arrautzak erruteko ostera ere. 

Oilo bat loka jartzen bazen eta ugazabek ez bazuten nahi hark arrautzak berotzerik, otzara baten azpian jartzen zuten, astebetez gutxi gorabehera, lokaldia igaro arte. Lokaldia bihurria bazen, luzaroago edukitzen zuten oiloa bertan. Bestela, uretan sartzen zuten behin eta berriz, edo oilarrarekin batera uzten zuten esparru txiki batean. Oiloa bakarrik badago, lokaldiak adorea kentzen dio, gosea galtzen du eta okerrera egiten du beraren egoerak, baina oilarra hurbil duela, hark ez dio bakerik ematen, jatera behartzen du … eta bizpahiru egunean uzten dio loka egoteari.

Iraganean, oiloak ia urtero berritzen ziren, maiz izaten baitzituzten txitaldiak. Beren bizi-ziklo naturalaren arabera, bizpahiru urte dituztela zahartzen dira, eta hortik aurrera erruteari uzten diote.

Akaitze Kamiruaga.  Labayru Fundazioa.

Errunaldiari buruzko sineskerak

Oilolokak txitatzea nahi izanez gero, arrautza-kopuru bakoitia eman behar zaio, normalean hamahiru edo hamabost. Ilberritik bizpahiru egunera hasten bada txitatzen, jaiotako ia txita guztiak emeak izango dira, eta arrak, gehienez, bat edo bi. Ilbehera hasi eta bizpahiru egunera ekinez gero txitatzeari, alderantzizkoa gertatuko da, hau da, eme bat edo bi izango dira gehienez. Zoritxarrekoa da ilberri egun batean edo ilbeheran txitatzen hastea, arrisku handia baitago jaioko diren txitek akatsak izateko: hankak oker, begiak ezkelduta…

Jairo Castillo.  Labayru Fundazioa.

Berriemaile baten esanetan, hemen azaldutako usteek animalia-espezie denentzat balio dute, baita gizakientzat ere.

Segundo Oar-Arteta – Etniker Bizkaia –  Etniker Euskalerria Taldeak

Informazio gehiago nahi izanez gero, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren Abeltzaintza eta Artzaintzari buruzko liburukia kontsulta daiteke.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~