Hurbil dago Aratusteen garaia. Hori da Bizkaiko Enkarterrien Inauteriak izendatzeko erabiltzen den terminoa. Izendapen orokor horretatik eratortzen da, hain zuzen, Enkarterriko ekitaldi berezienetako bat: Ostegun Lodiko ikasleen bilketa (gerora, Inauteri asteartera eramana), Aratuste izenez ezaguna. Isildurik edo desagerturik gelditu zen militarren matxinadaren garaian, ondorengo gerran eta diktadura frankistaren garaian. Haurren bilketa hori, herrialdeko gainerako lurraldeetan bezala, ostegunean egiten zen (Ostegun Gizen, Egun Zuri edo Egun ttun ttun izenez ezaguna), eta eskolatik abiatzen zen, bertako irakaslearen zuzendaritza edo ikuskaritzapean; herriko bazterretan ibiltzen ziren denak, eskean.
Enkarterriko (Barakaldo, Trapagaran, Abanto, Zierbena, Ortuella, Güeñes edo Gordexola) ohitura zahar horren arabera antolatzen zen eskola festa hori: Aratuste ospetsuak. 6 eta 15 urte bitarteko ikasleak 10 eta 40 kide bitarteko taldetan antolatzen ziren, bertako auzo, etxe eta baserrietan eskaerak egiteko, Ostegun Gizenean, Igandean edo Inauterietako Asteartean. Ez ziren mozorrotuta joaten, baina, noiz edo noiz, kartoizko kono formako burukoak eramaten zituzten, muturrean lumez apainduta. Ohikoa zen, halaber, oilar bat eramatea (besazpian, makila bati lotuta edo saski batean), eta baita bai eta bandera edo banderatxo bat eramatea ere. Oilarraren kantuari erantzunez, poltsa batean dirua ematen zieten, eta, beste batzuetan, jatekoak (txorizoak edo lukainkak, arrautzak, intxaurrak, hurrak, goxokiak, etab.). Irakaslea joaten zenean, berak antolatzen zuen merienda bildutako guztiarekin, eta, bestela, gurasoek hartzen zuten beren gain zeregin hori.
Kantuen bidez (gaztelaniaz “Ya llegan las Carnestolendas, señoras, mujeres, a lo que se estila,…”) adierazten zen zertan ari ziren, zer opari eskatzen zituzten, oilarra zeramatela eta zer etorkizun izango zuen hark ikasleen esku. Jai horrek, halaber, lotura handia du Aiaraldean eta Laudion egiten den “oilarraren jaia” ezagunarekin. Inguru horietan, ikasleek kaiola batean sartuta eramaten zuten oilarra, bai eta bandera bat ere, kapitain moduko bat, eta koplak kantatzen joaten ziren. Makilekin erritmoa konpasatzen zuten, eta, era berean, makilak erabiltzen zituzten bideko oztopoak igarotzeko (errekak, maldak, etab.), piztien edo etxeetako txakur zelatien aurrean beren burua babesteko, etxeetako ateak jotzeko (aldaba jota edo makila eskuan zutela), bai eta beste kuadrilla batzuei aurre egiteko ere.
Enkarterriko Aratusteen antzeko jaiak egon dira eta daude Europa osoan, oilar beltzaren edo martxoko oilarraren aipamenarekin. Sorginkeriaren inguruko auzien garaiaz geroztik (XVI. eta XVII. mendeak), beldurraren sinbolo izan zen gaueko izakientzat edo izaki gaiztoentzat, eta pertsonen, animalien eta ondasun materialen babes adierazpen kristaua zen. Eta, bitxia badirudi ere, kantu horietan oilarraren heriotza bortitza aipatzen da, haurren esku, lotura zuzena duelarik “oilar jokoekin”, eta, halaber, taldearen zuzendaria aipatzen da (kapitaina edo “oilarren erregea”). Egitura tradizionalaren isla da, ekintza sinbolikoz betea, eta haurtzaroa helduaroaren ohiturekin edo antolamenduekin berdindu nahia ere adierazten da.
Josu Larrinaga Zugadi — Soziologoa