Oharkabean aldamenetik igarotzen garen arren, ohikoa da, oraindik ere, gure herrietako etxeetako hormetan argollak ikustea. Argolla, uztaia, anilla, txinga edo zirgilo moduan ezagutzen den objektu honek iraganaren berri ematen du. Bere xumetasunean ondare kultural izenda genezake; gure hiri eta herri paisaian txertatua dagoen objektu historikoa baita. Astoak edo abereak lotzeko erabiltzen ziren argollek, kaleetako aldaketa eta berrikuntza guztien alboan mantendu badira ere, arbasoen bizimoduekiko leihoa irekitzen dute. Izan ere, ondare sinboliko diren objektuok iragandako bizimodua gogora ekartzeko gaitasuna dute.
Julio Caro Barojak, Los vascos liburuan (1971) dio bizi espazio baten forma hertsiki loturik dagoela gizarte egitura eta egitura ekonomikoarekin. Hain zuzen ere, argollek ekonomia eta espazioaren arteko lotura agerian uzten dute, eta espazioari nortasuna eta iragan historikoa ezartzen dizkiote. Egun, erabilera produktiborik ez badute ere, iraganean nork daki zenbat baserritarrek erabili ote zituzten.
XIX. eta XX. mendeetan lanbide garrantzitsua izan zen banatzaileena; baserriko produktuen distribuzioaz arduratzen zenena, alegia. Lotura ekonomikoa egon edo ez, banaketa, ondasunen transferentzia zen; etxeko produktuekin egiten zen tratua. Zentzu honetan, baserriko produktuak saldu edo trukatzeko lana, batez ere, emakumeen egitekoa zen; etxeko lan gisa gehiago aitortzen zen arren, lanbide moduan baino. Eta gogorra zen zinez lanbidea; ardura maila handia eskatzen zuen, nekeza zen eta askotan arriskutsua ere bai.
Eskualdeko zein merkatutara joan eta zenbateko maiztasunez joan, familia bakoitzak zuen salmenta estrategiaren arabera aldatzen zen. Ekoizten zituzten produktuak eta familiaren tamaina erabaki horretan baldintza garrantzitsuak ziren. Merkatura iristeko berriz, egin beharreko bideak ere hainbat aukera eskaintzen zituen; ez baitzen berdina astoarekin oinez, tranbian edo autobusez mugitzea. Paradoxikoa bada ere, astoa, aurrerabidearen eta merkatura irekitzearen ikurra izan zen iraganean; modernitatearen ikurra.
Baserria, lantegi eta bizileku zen aldi berean. Errealitate itxia izatetik urrun, baserriak aspaldidanik, agian betidanik, izan du erlazio ekonomikoa kaleko etxe, komertzio eta industriarekin. Familia handiak bizi ziren baserrietan, baina inor ez zegoen sobran. Aipatzekoa da ume eta gaztetxoen eskulana garrantzizkoa zela baserrietan. Nerabezarorako tarte handirik gabe, etxerako eta etxekoentzako guztiz garrantzitsua zen lan baten arduradun ziren. Askotan, eguna argitu aurretik, kalerako bidea hartzen zuten astoa edo aberea lagun zutela.
Baserritarrek merkaturako prestaturiko otzaretan ohikoak ziren esnea, gazta, arrautzak, kapoiak, oilaskoak, berdurak, gaztainak, sagarrak, babarrunak, intxaurrak, hurrak eta mizpirak izatea, besteak beste; eta, baso inguruetan, esaterako, ikatza ere bai. Garrantzi handiko lana zen honakoa, produktuak txukun eta mimoz ekoitzi eta biltzen ziren merkatura eramateko. Jenero horiek guztiak ekoizteak, ordea, ez zuen esan nahi baserritarren platereko ohiko jaki zirenik.
Esan bezala, emakumeak arduratzen ziren salmenta horretaz, eta irabazitako sosekin etxerako behar zirenak eskuratzeaz. Baserritar askok produktua merkatuan, dendetan edo etxe partikularretan saltzen zuten; azken kasu honetan, baserri bakoitzak erosle jakinak izaten zituen. Honela, azpimarratu behar da baserrietako produktuak saltzeko modu bakarra ez zela merkatua izaten. Zenbait arrazoi izaten zituzten salmenta estrategia hauetarako; izan zitekeen jeneroen garaiaren araberakoa edo salmenta handiagoa edo azkarragoa bilatzen zutelako, esaterako. Era berean, produkzio handiko sasoietan, astean hainbat aldiz joaten ziren salmenta puntuetara.
Kaleetako argollek, denboran bidaiatzeko aukera eskaintzen dute, espazioak beste modu batera begiratzekoa. Gure herriko kaleetako argolletan, lan neke baten erdian astoa lotzen zuten gure amek, izebek, amonek; ez dezagun ahaztu haien lana.
Nora Urbizu Arozena — Antropologoa