Etnografia atalak

Zahagiaren hileta, 2019. Argazkia: autorearen kortesia.

1889ko irailaren 14an, Santa Kurtze egunean, mezatara joan ziren Ariatza (Muxika, Bizkaia) auzoko bizilagunak. Meza ostean, orduan ohikoa zenez, auzoko mutilak aurresku dantzetan hasi ziren. Lehia handia egoten omen zen zeinek hobeto dantzan egin, hanka noraino jaso… Kontua da, orduan heresia zela leku sakratuetan ardo-zahagiak izatea, eta eliza aurrea barrua bezain sakratua zen. Laster konturatu ziren Ariatzako aurreskulariak beraiek dantzan ari ziren bitartean ardotan joaten zirenak ez zirela plazara itzultzen, eta lagunekin edateko aukera galtzen zutela dantzari finenek. Egoera konpontze aldera, alkateari eskatu zioten zahagia elizaren aurrera eramateko baimena, eta hark ezetz. Gazteak ez zeuden amore emateko prest eta alkatearen etxea inguratu zuten: baimena eman arte ez zuen etxetik irtetzerik izango. Harrezkero, Santa Kurtze bezperan hasi, eta hurrengo domekara arte, zahagia elizaren aurrean izaten zuten ariatzarrek.

1922an Aritzako jaiak tristeak izan zirela iritzi zioten bertako gazteek: aurreskulari gutxi, antza. Beste zerbait egin behar zutela pentsatu zuten, eta honezkero, ehun urtean eutsi duen gangarkeria asmatu zuten: zahagiaren hileta. Jaien amaiera ardoaren amaierarekin lotu, eta zahagiari hileta asmatu zuten. Zahagi hutsa hilkutxan sartu, eta orduko hileta batek izan ohi zituen elementu guztiak batu zituzten: erostariak, andariak, abadea… eta gaur arte!

1922tik hona, gutxitan huts egin du zahagiaren hiletak. Espainiako Gerra Zibilak iraun zuen urteetan Bixente Bilbao “Aittitte Bixenti” otzaraginaren labean elkartu ziren gerrara joan ez ziren dozena erdi bat gizon. 1889tik ohitura zuten moduan, Santa Kurtze bezperakoa egin egin zuten, baina hiletarik ez. 2020an eta 2021ean ezin izan da jairik egin, baina 2019an zahagiari hileta bi egin zitzaizkiola kontuan hartuta, urtebete baino ez dute galdu ariatzarrek. Izan ere, urte hartako urrian, Europako ondarearen jardunaldietan Ariatzako Zahagiaren bilakaera antzeztu zuten hileta eta guzti.

Zahagiaren hileta, 1981. Argazkia: autorearen kortesia.

Gaur egun, hileta erritualari urtero aldatzen den parodia txiki bat gehitzen zaio. Hiletaren zatiak betikoan eusten du: auzoko lau zaharrenak izaten dira andariak, eta segizioan lehenengo Juan Luis Ugalde joaten da mahatsorriz egindako hileta-koroarekin. Azken urteetako andariak Joseba Andoni Enbeita, Ireneo Ajuriagogeaskoa, Imanol Enbeita eta Jabi Bilbao izan dira. Aittitte Bixentiren labetik abiatzen da segizioa plazara, eta lutuz jantzitako herritarren atzetik, urte horretan antzerkia egingo dutenak joaten dira hartarako behar dituzten jantziekin. Horixe izaten da ikusleak urte horretan ze parodia izango ote den asmatu nahian hasten diren momentua. Kalejiraren amaieran, plazan gelditzen dira zahagiari azken agurra ematen ari direnak eta elizpean sartzen dira besteak euren txandaren zain. Hileta guztiek izaten dute abadea, eta zahagiak ere bai. Duela gutxi utzi gaituen Deunoro Sarduik bete zuen rol hori urte askotan, eta hark lekukoa gazteei pasatuta gero hainbat apaiz izan dira, tartean emakume bat ere bai. Azkenean, Asier Galarza bertako gaztea izan da tituluari urteetan eusten ari dena, eta eutsi beharko diona.

Zahagiaren andariak zahagi-mutil izandakoak izaten ziren lehenago. Ariatzako gazte ezkongabeak izaten ziren zahagi-mutilak: jaietarako ardoa ekartzeaz eta ordaintzeaz arduratzen ziren. Gerora, ezkonduak onartu zituzten taldean, baina ez ziren heldu zahagi-neskak onartzeraino. Ez ziren heldu diogu, egun, zahagi-mutilen figura desagertuta dagoelako. Aittitte Bixentiren labean elkartzen dira hala izandako batzuk, baina Atxelipe elkartea arduratzen da jaietarako jan-edana ekartzeaz. Ehun urte beteko ditu aurten zahagiaren hiletak, beraz, eta aurten ere han izango dira andari, segizio, erostari, abade eta parodia eta enparauak. Jende asko faltako da halako zenbaki borobila ospatzeko, baina lehenengo aldiz parte hartuko dutenek emango diote izandakoari segida.

 

Onintza Enbeita Maguregi – Labayru Hiztegia – Labayru Fundazioa

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~