Etnografia atalak

0

Iturria: Arratiako Korua.

Eske-errondak euskal kulturan ohikoak izan dira urte osoan zehar, batez ere, negu sasoian. Bizkaian oso errotuta dagoen erronda bat Santa Ageda bezperakoa da. Ohitura honetan, makilen kolpeen erritmoaz, etxez-etxe kopla ezberdinak abesten dira bertakoentzat, eskea egiteko.

Egun honetan, otsailak 4, Bizkaiko lurralde osotik hainbat talde ikus ditzakegu kantari, bai amateur modura, zein ondo antolatuak daudenak. Horren adibide daukagu Arratiako Korua, duela ia 75 urte hasi, eta erreferente bilakatu dena ohitura honetan. Urtero lez egun konkretu honetan taldearen izen bereko haranetik eta inguruetatik Agate Deunaren koplak abesten dituzte.

Abeslari talde hau 1951an jaio zen Arteako Juan Bernaola eta Areatzako Victor Sierrasesumagaren eskutik, herri bietako abesbatzak batzeko asmoz. Hasieran gizonez osatutako taldea zen, 1965 arte, orduan emakumeak eta umeak ere hasi ziren parte hartzen. Koruak dirua eskatu izan du errondan, beti ongintzazko helburu batekin. Urte askotan zehar bildutako guztia leialki Santa Marina Ospitalera bideratu zen, geroago Bizkaiko Ezinduen Elkartera eta gaur egun arrazoi humanitario ezberdinetara.

Urtero, errondaren ibilbidea Areatzan hasi eta amaitzen da eta Arratiako herri guztiak, Zornotza, Usansolo eta Galdakao bisitatzen ditu. Hala ere, eguneko jardunaldiaren zati handi bat Bilboko hiribilduan igarotzen dute, nabarmentzekoak dira Santiagoko Katedralean, Begoñako Basilikan eta erakunde ezberdinetan egiten dituzten emanaldiak, adibidez, Erriberako Merkatuan.

Hainbeste urtetan zehar, musika taldeak funtsezko pertsonen laguntza izan du bere ibilbiderako. Aipatzekoa da aita José Domingo de Santa Teresaren lana, Zornotzako Larreako komentuko karmeldarra eta koplaren partituraren konpositorea hainbat ahotsetan. Ezin ditugu ahaztu abesbatza zuzendu duten pertsona guztiak eta tradizioari jarraipena ematen lagundu dutenak. Gaur egun, Garazi Navas da, musikari profesionala, lekuko hori zuzendari gisa daramana.

Koruko tradizio polit honek etorkizun sendoa du, izan ere, orain arte korua bizirik mantendu duten beteranoekin batera, gazteen uholde berri bat ere badago, euren jarraipena bermatzen duena. Aintza ta aintza Agate Deunari!

Nerea Etxebarria Gumuzio – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~