1931ko apirilaren 14an Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen Eibarren; egun bat beranduago, apirilaren 15ean Arrati’ko Deya Arratia bailaran argitaratu zen lehen aldizkariak ikusi zuen argia. Euskera hutsean idatzia eta hilero —hilebetearen 15ean— kaleratzeko asmoaz jaio zen; Areatza/Villaron helbideratuta zegoen eta Zornotzako Jaungoiko-Zalen inprimatzen zen.
Arratiako historia, nekazaritza, erlijioa eta haraneko herri ezberdinei buruzko albisteak eta gorabeherak biltzen zituen lehen zenbakiak.
Komunikabide berri honen jaiotzari buruz Euzkadi egunkarian, Akatzak sinatutako artikuluak zera zioen: “Gure asmoak bete ziran illonen 15’an egin eban agerkundeagaz izparrangitxu onek. Ondo apaindurik agertu da berau Gorbeyeko mendiya be Kurutzia eguzkiyek argitatzen dabela ta barrenian Arrati’ko ibarra be basetxe solo ta guzti da aldamenian antxineko agintari’bat txuxo ta guzti Arratiarrai deyez. Berau “Goiko”na da guztiz ederto dago. Zorionak Goiko ta ekin olako euzko lanai, biar izena ba dau”. Goiko, Jose Luis Goikoetxea marrazkilari ospetsua zen eta aipatzen den irudi hori, ale guztietan agertuko da, lehen orrialdearen goiko aldean.
Eulogio Gorostiaga apaiza, Arrati’ko Deya-ren sortzailea. Iturria: Estampas Antiguas de una villa Arratiana. Areatza/Villaro.
Arrati’ko Deyaren arima Eulogio Gorostiaga apaiz zeanuriztarra izan zen. Garai hartan, Eulogio Areatza/Villaroko kaperaua zen eta, dirudienez, giro abertzaleko jendearen laguntzarekin, aldizkaria argitara ateratzea lortu zuen.
Kutsu abertzale hori, idatzitako artikuluetan ez ezik, aldizkariaren azalean jartzen zuen Jaungoikoa eta Lagi-Zarra azpitituluan suma daiteke, esaera hori EAJ/PNVren lema zen eta. Gainera, apirilaren 26ko Euzkadi egunkariak zera zioen: “Si alguien está obligado a comprar y a leer Arrati´ko Deya es el que se dice patriota vasco, y, por tanto, es de creer que todos los nacionalistas arratianos, han de ayudar con todas sus fuerzas al rotundo éxito de esta grandiosa empresa que los sitúa a la cabeza del movimiento vasquista rural. ¡Aurrera, arratianos!”.
Jorratzen ziren gaiei dagokienez, honako atal ezberdinek osatzen zuten aldizkaria: Lugintza-gauzak, Erlijiño-gayak, Soziologi edo gizartizti gayak, Itaun erantzunak, Izparrak eta Alde guztietako izparrak. Arratiako albisteak Izparrak atalean azaltzen ziren, herriz herri. Ale bakoitza 10 orrikoa zen eta azkenengoan iragarkiak bakarrik azaltzen ziren, gehienbat Zeanuriko eta Areatzako denden eta merkatarien iragarkiak, baina Bilbokoren bat ere bazekarren.
Artikulu gehienak goitizenez sinatuta azaltzen ziren, batzuen benetako nortasuna ezagutzea lortu badugu ere, adibidez Masmalena, Eulogio Gorostiaga zen; Zidorra, Zeanuriko Bixente Etxezarraga olerkaria; Baserritar bat, Zeanuriko Txomin Manterola. Beste sinadura batzuk honako hauek ziren: Elorri, Bargundia, Atisba, Urrubieta, Garai Axe. Areatzako barriemailea Euzkaltzale bat zen; Igorrekoa, Aba; Arantzazukoa, Kukutzekoa; Bediakoa, X.X.; Galdakaokoa, Uraskako JEL Olerkarije.
Arratian eta Bilboko eta Galdakaoko Euzko Gaztedian erosi zitekeen, zenbaki bakoitza txakur handian saltzen zen; norbaitek urte osorako harpidetu izan nahi bazuen “Arrati’ko Deya, Villaro (Bizkaya)” helbidera idatzi behar zuen, “lauerleko bi”, hau da, bi pezeta ordainduz.
Zoritxarrez, Arrati’ko Deyak bizitza laburra izan zuen: 1931an eta 1932an argitaratu zen, eta azken urte horretan, Eulogio Gorostiagaren heriotzak aldizkariarena ere ekarri zuen.
Jon Urutxurtu