Etnografia atalak

0

Aurreskua, Mendi Alde dantza taldeko emakumeek zuzendua (Santurtzi, 2017/09/30). Argazkia: E. X. Dueñas.

Aurten, 2021ean, betetzen da ―dakigunetik behinik behin― emakumeek zuzendutako Aurresku baten lehenengo grabazioaren mendeurrena.

1921. urtea zen, (orduko Santurtzi-Zaharrean), Abran (Ibaizabal-Nerbioi ibaiaren itsasadarrean) lehen traineru estropada ofizialak egin zirenetik eta lau urtera; itsas-herri horretako udalak, hainbeste deseatzen zuen saria behingoz irabazteko moduko tripulazioa prestatzen saiatu zenean.

Antolatzaileek estropadak irailaren 4, 5, 10 eta 11n egitea erabaki zuten. Prentsan adierazitakoaren arabera, azken eguna ikaragarria eta zirraragarria izan zen. Santurtziko trainerua garaile izan zen, eta portuko harrera beroaren ostean, irailaren 16, 17 eta 18an ekitaldi ugari ospatu ziren; horien artean: arraunlarien desfilea, kontzertuak, dantzak eta bazkariak.

Arraunlari irabazleak eta herriko Antolaketa Batzordea. Argazkia: blog.garciadeiturrospe

Ekitaldi horietako batzuk Gran fiesta en Santurtzi, con motivo del triunfo de los ágiles remeros izeneko filmean agertzen dira. Bertan Portugaleteko hiriaren eta transbordadorearen irudiak ikus ditzakegu; eta, batez ere, hilaren 18an egin zituzten ekitaldiei buruzkoak: prozesioa, kanpaina-meza eta Aurreskua.

Aurresku gehienak mutilek edo gizonek zuzentzen bazituzten ere, andrazkoek ere eskumen bera zuten, hainbat idatzizko dokumentuk eta ahozko lekukotasunek adierazten duten bezala. Hauxe izan zen horietako bat.

Hilaren 18an, bogalariei dantza hori eskaini zieten parkean. Txistulari edo “danbolindari” baten eta “danborrero” baten doinura, hogeita lau gaztek edo “andereñok” dantzatu zituzten. Gehienak herrikoak ziren, “sokara” gonbidatutako gizonak bezalaxe. Izen hori erabiltzen da eskuekin, edo beste kasu batzuetan, zapiekin lotuta joaten direlako.

Filmaren fotogramak; dantza-zatiak. © del film I. Arrola

Gertaera horretatik laurogeita hamasei urtera, 2017an, Mendi Alde euskal dantza taldeak Aurreskua egin zuen portuan, Sardinera Eguneko ospakizunean. Aurresku horrekin, Sotera trainerua gorengo mailara bueltatu zela ospatuz, Itsasoko Ama Arraun Taldeko hainbat belaunalditako arraunlariei omenaldia egin zieten.

Dantzari dagokionez, filmak kontuan hartu beharreko hainbat alderdi erakusten dizkigu: dantzaren zatiak eta koreografia, dantzan egiten zuten partaideak eta euren janzkera. Gainera, Santurtzin, inguruko beste herri batzuetan bezala, horrelako aurreskuak egiten zirela erakusten digu, eta ez noizbehinka bakarrik; hemeroteka da horren adierazle.

 

Emilio Xabier Dueñas

Folklorista eta etnografoa

 

1. oharra. Derrigorra da argazki-oinetan aipatutako pertsonei esker ona adieraztea: bai Ildefonso Arrolari, hainbeste urtean filma gordetzeagatik, bai Jon Koldo Fernández García de Iturrospe historialariari, irudiak uzteagatik. Biak 2019an eta 2020an hil ziren, hurrenez hurren.

2. oharra. Filmazioa hemen ikusi: https://www.dantzan.eus/bideoak/santurtzi-1921-emakumeen-aurreskua-soka-dantza

3. oharra. E. X. Dueñasen artikulu osoa Dantzariak aldizkarian irakurgai: Dantzariak 62 (2017). “Unas regatas que finalizaron en Aurresku. Breve crónica de una película de 1921”, 120-139 or.

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~