Eguneroko bizitzaren zenbait alderditan, gizarteak –gu parte garen honek, behintzat– azken berrogeita hamar urteotan egin duen iraulia, beharbada, ezin da konparatu historiaren beste ezein momenturekin… Ia konturatu gabe igaro gara Gabonetako zorion-txartelak posta bidez bidaltzetik adimen artifizialera.
Gauza bera gertatu da gure-gureak ditugun azoka eta merkatu herrikoi eta kalekoetan. Horietan, transakzioa eta erosketa merkataritzaren anabasaren parte ziren, eta dira. Azoka eta merkatuak –terminoak esanahi berberaz erabilita– turismoa erakartzeko gune garrantzitsuak bilakatu dira XX. mendearen amaieratik. Ibilbide historikoa eduki zein ez, erakundeek eta entitateek kartel, eskuorri eta liburuxken bidez sustatuta, Euskal Herrian nonahi ditugu, iparrean zein hegoan, sortaldean zein sartaldean, eta era guztietakoak dira.
Aldian-aldian egiten ziren abeltzaintzako eta/edo nekazaritzako azokei, askotariko produktu komertzialak dituzten beste batzuk gehituz joan zaizkie: artisautzakoak, material didaktikoenak, Durangoko Azoka, etab. Horietako askotan ez da falta izaten taloa, txistorrarekin edo txorizoarekin eta txakolinaz edo ardoaz bustita –tradizionaltzat hartzen baita–, ezta zuzeneko emanaldiak ere.

Donostiako santomasetako azokan zozkatzen den txerri emea (2019/12/21). Egilea: Emilio Xabier Dueñas.
Horietako batzuen jatorria jakiteko, egutegiko data zehatzei begiratu behar diegu. Esaterako, maizterrek etxe-jabeei errenta ordaindu beharreko egunei. Hori da San Tomas azokaren jatorria, eta, bide batez esanda, Vatikanoko II. Kontzilioa amaitu zenetik abenduaren 21a ez da santu horri dagokion eguna. Gaur egun, oraindik, Bilbon eta Donostian ez ezik, beste herri batzuetan ere egiten da. Besteak beste, Irunen, Lekeition eta Azpeitian. Baita Santa Luziakoa ere, oso garrantzitsua Goierri eskualdean, Urretxu eta Zumarraga gipuzkoar hiribilduetan. Beste santu batzuk ere hartzen dituzte erreferentzia modura: San Jose, San Isidro nekazaria, San Blas, San Marko… Eta Gabonetakoak: Elgoibar, Tolosa… Horiei lotutako ekitaldi eta jarduerak ere ikuskizunaren parte dira, eta jendea bertaratzeko amua.
Esan dugun bezala, era askotako azoka eta merkatuak daude, eta, horiez gain, udal-merkatuak eta merkatu txiki edo merkatu merke deiturikoak. Badira historia luzekoak, hala nola Ordizian asteazkenetan egiten dena –urtero, gazta irabazlea batere merkea ez den prezioan saltzen da, enkante bidez–, eta modan jarri direnak, Erdi Arokoak, esaterako. Litekeena da izena besterik ez izatea Erdi Arokoa, eskaintzen dena ez dagokio-eta garai bakar bati, gehiagori baizik. Gozokien eta hestebeteen alboan ditugu arropa-saltokiak eta inon diren musika-talde mota guztiak.
Azkenik, beste batzuk espezifikoak dira, izenari erreparatuta behinik behin. Ogi eguna Galdamesen, Sagar eguna Errezilen, Txerri eguna Oiartzunen, Odolki eguna Ormaiztegin, Txakolin eguna Amurrion, Berakatzen Azoka Vitoria/Gasteizen, Ahuntz eguna Baranbion eta Antxoaren eguna Ondarroan, besteak beste.
Ongizateak ekarritako sinbiosi hori Europa osoan gertatzen da. Premia gozagarri eta dibertimendu bihurtu da gizartearen zati handi batentzat, baina “jaiaren” bilbearen beste aldeari ere begiratu behar diogu: negozioaz bizi den edo bizirauten duen langileari, besteren kontura zein autonomo aritu. Batzuek gozatzeko, beste batzuek lan egin behar dute. Beraz, beharrizanak –lan egiten duenarenak– bere horretan dirau.
Emilio Xabier Dueñas — Folklorista eta etnografoa