Etnografia atalak

0

Kutsidazu bidea, Ixabel filmaren fotograma. Iturria: Primeran.

Baserria euskaldunon ikur bereizgarrienetakoa da, berak barnebiltzen dituelako euskal gizarte eta kulturaren balio ugari, eta denboraren joan-etorriak baserriak emandako ondare immaterial hori egonkortu eta sustraitu du. Adibide bat jartzearren, Julio Medemen “Vacas” filmean ―zinemazalea naizenez, lizentzia hori onartuko didazue― istorioaren gorabeherek, gudek, arerioek, maitasunak eta traizioek hondo edo atze bera dute beti, baserria.

Baserria euskaldunon etxea da, gure gizarte-unitate nagusiaren, hau da, familiaren etxea. Etxe horrek bizitzeko lekua emateaz gain, lurra ere ematen digu, gure autokudeaketarako esparrua sor daiteke baserriaren inguruan, eta gure arbasoek horretarako erabili zuten, baita gaur egungo baserritar askok eta askok ere. Eta, nola ez, baserriak gure sustraiekin konektatzen gaitu, gure aurrekoen ohitura, abesti, erritu eta jaien lekuko denez, belaunaldiz belaunaldi horren transmisioa egiten du. Nire kasuan, oso barneratuta dauzkat “Kanporamartxo” egunean jandakoak edo San Juan egunean, txondorraren inguruan, abesten genituen koplak. Baserrian ikasi ditut nik gerran bizi izandako sarraskeria eta gerraosteanasandako gosea; baita nire egunerokotasunean ohikoena, egun, erabiltzen dudan euskara eta bere bitxikeriak ere badira, bertan ikasi bainituen gure hizkuntza maiteak dituen esaera eta esamoldeak.

Euskararen transmisioa eta horri eusteko sortu zen euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza gure gizartearen erronka nagusienetarikoa izan da azken 50 urteotan; berez, gaur egun, askorentzat halaxe izaten jarraitzen du. Ikasketa prozesuan aurrera egiteko hainbat eta hainbat aukera ditugu gure eskura: euskaltegiak ―bai publikoak, zein pribatuak―, barnetegiak, hizkuntza eskolak, akademiak, aurrez aurre edo online…; gainera, horietako asko gure herrietan bertan, edo etxetik oso hurbil. Esandakoa guztion gogoan dago, bai guk euskara ikasteko erabili ditugulako, bai ezagunen bat horretan diharduelako. Baina, ba al dago euskara ikasteko beste modurik? Bada, bai. Baserrian, hain zuzen.

Kutsidazu bidea, Ixabel filmaren fotograma. Iturria: Primeran.

Ezaguna da, atzerriko hizkuntza bat ikasi nahi denean herrialde horietako hiztunen etxeetara joaten dela jendea, beraz, logikoa deritzot baserriek funtzio hori ere betetzeari. Gainera, nire ustez, baserria euskara ikaslearen lagungarri oso aproposa da euskaltegiaren eta euskara formal horren moldetik at ateratzen dituelako; hau da, euskaltegian ondo baino hobeto ikasten da gramatika, hiztegia, joskera… baina, orokorrean, helburu zehatz batera bideratuta, tituloa lortzeko behar den azterketa gainditzera. Euskaltegiko lana osatzeko, euskara jatorrarekin harremanetan egotea funtsezkoa da, horrek emango baitu gure hizkuntzak duen jatortasuna; beraz, baserrian egonaldiak egiteak euskaraz bizitzeko aukera emango du, eta egun osoko errealitatea euskaraz bizi beharko da. Bertako sendiaren eguneroko bizitzan murgilduko da ikaslea, elkarrekin egingo dituzte otorduak, etxeko lanak, ortuko lanak, aisialdia… eta hori guztia beraien euskara jatorrean izango da.

Esperientzia hori ez da kontu berria, HABEk bere euskaltegi sarearen bidez, ikasleak baserri desberdinetara bideratu ditu, eta horietako egonaldi asko oso arrakastatsuak izan dira; adibidez, gaur egun, oso ezaguna den Yogurinha Borova artistak horrela ikasi zuen euskara. Bera 1990. urtean joan zen Altzoko Berakoetxea baserrira, euskara ikasteko eta hiritik ateratzeko; hasieran, ulermena oso zaila izan zen baserriko kideek euskalkian hitz egiten zutelako, baina, azkenean, ondo moldatu zen bertako bizitzara. (https://ataria.eus/altzo/1701180249178-beti-ekarri-izan-dut-gogora-altzon-ikasi-nuela-euskaraz-eduardo-gavina-karmen-murua-euskara-altzo-yogurinha-borova)

Horrelako esperientzia ugari daude eta interesgarria izango litzateke proiektu horrekin jarraitzea euskara eskoletatik beste eremu batzuetara zabaltzeko eta, batez ere, euskara ikaslea hizkuntza akademikotik euskara jatorrera bideratzeko. Aurretik esan den modura, baserria transmisio elementua da, familian bertan emandako transmisioa, aukera hori edozeini zabalduta, transmisio horren besoak irekitzen ditu, eta euskaldun berriak sortzeko edo euskaltzaleak bilakatzeko bidea izan daiteke baserria. Baserria ere, euskara irakasle izan daiteke eta.

Edurne Etxebarria Gumuzio — Euskara irakaslea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~