Etnografia atalak

Ezkontza-agiria sinatzen. Labayruren Argazki Artxiboa.

Pertsona edo talde batek bere gain hartzen duen erantzukizuna da konpromisoa, zereginen bat egiteko ematen den hitza. Balio-iritziak alde batera utzita, jakina da iraganean konpromiso batzuk behin betiko hartzen zirela. Batzuentzat jokabide horrek indarra galdu duela esan daiteke, bai iraupenari bai edukiari dagokionez.

Ezkontza, adibidez, betiko zen, harik eta heriotzak bikotea banandu arte. Gaur egun, berriz, elkartzeak definizioz dira aldi baterakoak; izan ere, bikote-, familia- zein auzo-harremanak harreman ‘likidoak’ direla esaten da, hain dira ahul eta hauskorrak. Héctor Abad Faciolince idazle kolonbiar handiak hau idatzi du: “Ezkontzaren, maitasun-harreman luzeen, zorigaitz handia sexu-desiraren narriadura da”. Hau da, desirak kale egiten badu, ez du zentzurik konpromisoari eusteak.

Bizitzaren beste arlo batzuetan ere antzeko zerbait gertatzen da. Hala nola, erlijiosoek behin betiko egiten duten boto ageriak hautsi egiten dira. Eta, halaber, erraz urratzen edo eteten dira hitzez edo idatziz egiten diren akordio eta promesak.

Gazte asko konprometitu zen gerra zibilean, eta gudari engaiatu, beren herrialdearen alde borrokatzeko. Hainbat boluntario atzerritarrek ere hartu zuten parte II. Errepublikaren alde. Uste dut horrelakorik edo antzekorik imajinaezina dela orain.

Meza berriaren oroigarria. Labayruren Argazki Artxiboa.

Gertaerak arin zaharkituta geratzen diren mundu batean bizi gara. Eta, gainera, oroimenak aldatu egiten ditu oroitzapenak. Kontua da gaur gertatzen dena gaur-biharretan zahartzen dela. Oroimena galtzea oso gaitz larria da; iraganak gidatu behar lituzke oraina eta etorkizuna, bestela gure bizitza ezegonkorra litzatekeelako denborak aurrera egin ahala.

Ezin digula inork ez ezerk minik egin sinesten dugu umetan, gurasoak ditugulako ondotxoan laguntzeko, defendatzeko eta gure zalantzak eta kontraesanak argitzeko; geure burua hilezkortzat izaten dugu gaztetan; baina, urteak joan urteak etorri, gure usterik sendoenak ere zalantzan jartzen ditugu, eta eszeptikoagoak bihurtzen gara. Eta, orduan, arestian aipatu dugun autorearen El olvido que seremos lanaren izenburuak dioenaz jabetzen gara.

Theodor Kallifatides-ek idatzi duenez: “Berehalakotasunaren aroa nagusitu da. Eternitatea ez dago modan”.

 

Segundo Oar-Arteta – Labayru Fundazioa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~