Etnografia atalak

0

Iturria: Felipe Manterolaren Funtsa. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Berrogeialdia terminoak, puerperio ere esaten zaionak, erditze-aldiari eta ondorengo sei edo zortzi asteei egiten die erreferentzia. Erditu ondorengo berrogei egun inguru direnez, hortik datorkio izena. Atseden hartzeko eta gorputza indarberritzeko denbora hori, hainbat kultura eta mundu-ikuskeratan presente dagoena, itxialdi, zainketa, eta sinesmen praktika eta ohitura tradizional ugarirekin lotuta dago.

Urteetan zehar herri askotan ahozko memoria jasotzeko egindako bilketetan, hainbat lekukok azaltzen dute nolakoa zen eta nola bizi zen etapa hori joan den mendearen erdialdera arte. Ordura arte emakumeak etxean erditzen ziren emagin baten laguntzarekin, edo kasuren batzuetan praktikantearekin.

Jakina da, denborak aurrera egin ahala, atsedenerako ezarritako denboraren iraupena aldatzen joan zela. Hala, Orozkon (B) berrogei egun izaten zirela edo Goizuetan (N) zortzi edo hamar egun inguru izaten zirela adierazten diguten testigantzak aurkitu ditugu.

Kasu askotan, berrogeialdia derrigorrezko itxialdi gisa bizi zen, nasaiagoa edo zorrotzagoa testuinguruaren arabera. Izan ere, erlijio aginduak debekatu egiten zien umea izandako amei etxetik irtetea elizan sartzea, garbiketa erritua, egin arte. Horrela amaitzen zen berrogeialdia. Bitartean euren umeen bataiora ere ezin joan ziren, haurra jaio eta egun gutxira egiten baitzen. Hala ere, berrogeialdian amek izaten zuten benetako atsedena ere ezberdina zen egoera ekonomikoaren eta familiarraren arabera. Goizuetan eta Sunbillan (N), berrogeialdia errespetatuz erosketaren bat egiten irten ahal izateko, erditu berriek teila bat jartzen zuten buruan.

Iturria: Felipe Manterolaren Funtsa. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Lekukotasun batzuek higiene faltak eta tratamenduek eragiten zuten hilkortasunaren berri ematen dute, hala nola erditze ondorengo odoljarioak “ixteko” prozedurak, infekzioak izateko arriskua zekartenak (Araban, Zuian bildutako testigantza). Baina, horrekin batera, zaintzeko eta errekuperatzeko arau eta ohitura asko zeuden. Aire-korronteetatik edo ur hotzarekin egindako lanetatik aldentzea Euskal Herriko Atlas Etnografikoan jasotako adibide batzuk baino ez dira. Oilo-salda zen erditu berrien dieta ohikoena: Larragan (N) hori zen haietako batzuek oheratuta egoten ziren egunetan hartzen zuten elikagai bakarra; Sunbillan, ardo gozoarekin; eta Zudairen (N), arrautza gorringoekin batera. Amari ematen zitzaion laguntzari eta oparitzen zitzaizkion elikagaiei buruz erreferentzia asko daude (martopilak, ermakariak, ikusgarriak). Baita bisita horiek merienda eta bazkari berezi moduan egiten zirela eta, batzuetan, emakumeek bakarrik parte hartzen zutela, familiakoek, auzokoek edo lagunek. Ospakizun kolektibo horiek hainbat izenez ezagutzen ziren: atso-berenduak (Sunbilla), andra-ikustie (Bizkaia) edo atsolorrak (Gipuzkoa, Nafarroa Garaia).

XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, erditzearen medikalizazio prozesuak ospitaleetara eraman zituen erditzeak, eta ondorioz, pixkanaka praktika komunitario asko desagertzen joan ziren, bai erditze naturalarekin, bai erditze ondorengo zaintza- eta laguntza-ohiturekin lotutako ezagutzak. Gaur egun, gure inguruan esperientzia hori errespetu handiagoz eta modu naturalagoan bizi nahi duten pertsonek espazio alternatiboetan aurkitzen dituzte herri-jakintzei lotutako tratamenduak eta erritualak, baina, harrigarria bada ere, halakoak zeremonia exotikoak dira, beste testuinguru batzuetan sortuak, hala hola La Cerrada, Blessingway edo/eta Suò yuè zi. Bitartean, ostera, gure herrietan duela mende bat baino gutxiago izan ziren praktikak eta ezagutzak oraindik ere herri-memorian gordetzen dira.

Ane Etxarri Tapia — Labrit Ondareko antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~