Bilbainada Bizkaiko genero musikala da, nagusiki Bilboko Hiribilduan garatua eta abesti herrikoietan oinarritua. Bilbainaden letrek Hiribilduan eta inguruko herrietan jazotako izaera sozialeko gertakari eta gertaeren inguruan hitz egiten dute.
Abesti alai hauek hiriko albiste, bizipen, usadio, ohitura eta gertaera historikoak aireratzen dituzte, nostalgia eta ironia puntu batekin. Bilbainada tipikoak ezaugarri berezi bat du: abesti berean hiru edo lau aldiz aldatzen da erritmoa. Adibidez, habanera batekin has daiteke, jota batekin jarraitu, eta fandango batekin amaitu. XIX. mendean zehar garaiko folkloreak kopla eta abesti hauetan izandako eragin handiagatik gertatzen da hori; adibidez, Amerikak gure kantutegian duen eraginaren ondorioz, habanera erritmoa sortu zen.
Abeslari taldea edo kuadrilla bilbainaden osagai garrantzitsua da, bai jatorrian, bai interpretazioan. Tradizionalki, “a capela” abesten zuen gizonez osatutako talde bat da. Kantatzeko modu praktiko hori ohikotasunez eta modu espontaneoan praktikatu izan da bazkalondoan, txakolinak, sagardotegiak, garagardotegiak, tabernak edo jatetxeak bisitatzeko ibilbidean, bai eta jai-ospakizun ugaritan ere, familiarekoetan, sozialetan eta kolektiboetan. Lotura handia dute txikiteoarekin, izan ere, txikiteroen kuadrillek edo taldeek taberna ezberdinetatik egiten duten ibilbidean, bilbainadak abesten dira trago artean.
Hedapen herrikoiarekin batera, kuadrilletan ahots berriak sartzen ziren etengabe, eta ahots horiek abestien harmonia hobetzen zuten. Horren ondorioz, musika-talde profesionalagoak sortu ziren, bilbainadak sortzen eta interpretatzen zituztenak ikuskizunen mundura gehiago bideratutako beste esparru eta espazio batzuetan, hala nola antzoki edo mota guztietako agertokietan, eta beren musika eskaintzen zieten entzutera hurbiltzen ziren entzuleei.
1920 eta 1930 bitartean, formalki sortzen hasi ziren lehenengo otxoteak, zortzi gizon abeslariz osatutako taldeak, zuzendari batek lagunduta, eta ahotsak ahots maskulinoaren lau tesituretan banatuta. Aldi berean, “Los Bocheros” taldea sortu zen 1930ean, bost musikari abeslariz osatua, eta 5 urte geroago, 1939an, Goyo Nadal bilbotar gazteak “Los Chimque” musika-taldea sortu zuen. Talde horiek, otxoteek ez bezala, hainbat musika-tresna gehitu zituzten kideen ahotsei laguntzeko, hala nola gitarrak, akordeoiak eta panderoak.
Horrela, herri-kantuaren eta kantu jasoaren arteko sinbiosia sortu zen, tabernako kantuen balorazio soziala handitu zuena, interpretazioa hedatuz eta ezagutaraziz eta udalerriaren mugatik kanpo ezagutzera emanez, eta Bilboren berezko elementu bereizgarrietako bat bihurtuz.
Horregatik guztiagatik, une bakoitzeko eguneko bizitzako hainbat esparrurekin lotuta dagoen ondarea dela esan daiteke, baina, aldi berean, komunitatearen memorian dauden tradizioekin lotuta dagoena.
Gaur egun, bilbainadak gure gizartean bizirik jarraitzen duen kultura-izaerako adierazpen bat dira, batez ere, adineko jendeari esker. Denborak aurrera egin ahala eta bilbainada klasikoak ulertu, estimatu eta abesten dituen publiko horren desagerpenarekin batera, litekeena da kultura-adierazpen hau ere desagertzea.
Zuriñe Goitia — Antropologoa