Etnografia atalak

0

Larraulgo Txuringadi errota. Iturria: Nora Urbizu.

Ehotzea, laboreen aleak birrindu edo hausteari esaten zaio, sakatuz, zapalduz, joz. Ehotzea, gizakiaren lehen jarduera adimentsuetako bat omen da, elikagaiak prozesatzearen lehen pausoa.

Azken Brontze Aroan horren berri bazuten gure inguruko biztanleek. Hori islatu dute Basagain eta Intxur Burdin Aroko herrixketan egindako indusketetan agertutako esku-errotek; Gipuzkoako Anoetan eta Albizturren ere barku-formako esku-errota bana aurkitu zituzten. Dirudienez, etxebizitzari lotuta agertu dira, hau da, espazio berean.

Gure herri zahar hau zabaltzen den lurraldea, pasagune eta kultura desberdinen arteko topaleku izan da mendeetan zehar. Eta kultura horietako bakoitzak, bere oinatza utzi du gurean. Esaterako, esku-errotaren ondoren harri birakariko errota agertu zen, edo, teknika hori ekarri zuten. Gurpil hidraulikoan oinarritutako jarduera Babilonian erabiltzen omen zen. Baina, babiloniarrek beste ideia batekin erabiltzen zuten; konpartimentuak zituen egurrezko gurpila uretan sartuta, ura leku altuetara igotzeko borondatez. Indarra, ordea, animaliek edo gizakiek eragiten zuten, azken finean, energia ura gorantz mugitzeko baliatuta.

Antzinako greziarren errota oso antzekoa zen, baina energia uraren mugimenduarekin lortzen zuten. Uraren mugimenduarekin energia lortzen zuten. Erromatarrak arduratu ziren ondoren, errota hidraulikoen zabalkundeaz. Zutikako gurpiletik, etzandako gurpilera, egurrezko materialetatik burdinazkoetara igarota.

Larraulgo Txuringadi errota. Iturria: Nora Urbizu.

Denboraren joanak erakutsi du, aldaketa historikoak eta sozialak, berrikuntza teknologikoei lotuta joan direla. Batetik ehotzeak, eta geroago ur indarraz baliatzeak, aurrerapen teknologiko handiak ekarri zituzten eta ondorioz, garrantzia handiko aldaketak izan ziren gizartearentzat, denborari, lanari eta errendimenduari zegokionean.

Ez dago dudarik, industriaurrean errotetan eta burdinoletan garatutako lan-jarduera oso garrantzitsua izan zela. Garaiko lanaren kokagune nagusiak zirenak orduan, egun, aberastasun handiko espazioak dira industria arkeologiaren ikuspuntutik. Gizakiaren ibilbide eta bizimoduaren aztarnak dira, kobazuloetako margoak bailiran.

Errotek gizarteak bere ingurunearekin izan duen harreman sakonaren berri ematen dute; kultur paisaia edo espazio antropikoez inguraturik gaudela gogorarazten digute. Bizitzan zehar espazioa eraikitzen dugu, harreman sozial dinamikoen bidez, habitatuz. Finean, kultura espazioan nabarmentzea da habitatzea.

Basagaingo eta Intxurreko herrixketan, eskuko-errotak bizilekuaren barnean aurkitu zituzten, espazio berean. Errotak bizileku eta lanleku izan zirela. Edo beste modu batera esanda, lan erreproduktiboa eta produktiboa uztartzen ziren espazioak ziren. Julio Caro Barojak esan zuen, bizi-espazio baten forma guztiz loturik dagoela gizarte egitura eta egitura ekonomikoarekin. Bada, baserri eta errotak dira honen adibide.

Larraulgo Txuringadi errota. Iturria: Nora Urbizu.

Errota eta burdinola kopuruaren arabera, neurtzen omen zen iraganean erreka edo ibaiaren emaria. Hau datu labainkorra izan daiteke. Hilabete batzuetako ur-etorri handiak ez zuelako udako eskasia konpentsatzen. Edonola ere, iraganeko neurgailua hori, datu kuriosoa da egun.

Uraren energia erabiltzeak, gauzak ikusteko modua edo kosmobisioa aldatu zuen. Hasieran, alea ehotzeko bakarrik erabiltzen bazen ere, ezerk ez zuen eragotzi beste zeregin batzuetara ere zabaltzea. Zerrategia, zepilladora, esmerilla, taladroa, hauspoak mugitzeko… eta errota batzuetan sagardoa egiteko matxaka martxan jartzeko ere. Hara hemen, energia-iturri naturala, gizartearen beharretara bideratuta.

Funtzio guztiz garrantzitsua izan zuten errotek. Baina balioa ez genuke soilik betetzen zuen zerbitzuaren arabera neurtu behar. Errotek berebiziko eragina izan zuten gizarte kohesioan, gizartearen saretze lanean. Errotak, elkartzeko guneak ziren. Batzuetan, zakuak uzten zituzten ehotzeko, eta, ondoren, irina jasotzen zuten; eta beste batzuetan, euren txandaren zain egoten ziren. Itxaronaldi horretan, tertulia biziak egiten ziren, eta herritarrek albisteak, kontuak eta abar trukatzen zituzten.

Ez da kasualitatea, errota batzuk taberna zerbitzua eskaintzea. Ahozko testigantzek eta honelako adibideek argi adierazten dute topaketa espazio zirela, hamaika bizipenen lekuko.

Maila ekonomikoan, arkitektonikoan, teknikoan, industrialean edo sozialean izan duten garrantziari erreparatuta, errotak alboratu ezin ditugun tokiak dira. Balio interpretatibo izugarria dute, historiaren gordailu dira. Dabilen harriari goroldiorik ez omen zaio ateratzen, beraz, jarrai dezatela errotarriek martxan!

Nora Urbizu Arozena — Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~