Gizarte eta garai guztietan, elikadura oinarrizko beharrizana izan da eguneroko –lan zein jaiegunetako– bizimoduari dagokionez. Jaiegunen kasuan, haren dibertsitatea edo ereduak elikagaiak agertu edo ugaritzen ziren aro zehatzen araberakoak ziren. Horregatik, pertsonen bizi-zikloan zehar, elikagai jakinak esleitzen zaizkie zenbait ospakizun-abaguneri (jaiotza eta bataioa, gaztaroa eta ezkontza, helduaroa, heriotza). Horrekin batera, urteroko jarduera eta ospakizunak, lan-arloan zein jai-giroan, unean uneko produktu gastronomiko batzuekin lotu izan dira. Hala, udazkenean fruitu lehorrak (gaztainak, hurrak, intxaurrak, etab.) eta perretxiko edo onddoak ditugu; neguan, lapikokoak eta zopak; Gabonetan, oilaskoa, bisigua, barraskiloak, arroz-esnea, intxaur-saltsa, etab.; Inauterietan, txerrikiak, torradak…; Garizuman eta Aste Santuan, baraualdiak; okela edo arraina eta ortuko produktuen oparotasuna, edo uzta, herrietako zaindarien omenezko jaiak direla-eta.
Jai-sasoiari eta aisialdiari gagozkiola, dirudienez, herritar xeheek imitatu egiten zituzten Antzinako Erregimeneko gorteetako eta jauregietako ospakizun eta dantza aristokratikoak, bekaitza eragiten zieten klase erreferentzial haien –zeinentzat lan egiten zuten, edo zeinen menpekoak ziren– bizimodu lasai eta xarmagarrian ikusten zituztenak. Eta, zalantzarik egin gabe, haien bizimodua eta ohiturak, modak eta dibertitzeko, janzteko eta elikatzeko erak berdintzen ahalegintzen ziren.
Gizarte-maila haiek dantza antolatu, arautu eta protokolozkoak zituzten, eta, haien artean, bazituzten elikagai edo edari landu edo exotikoak kontsumitzeko uneak ere, jarduketa koreografiaren ondoriozko ariketa fisiko eta ludikoaren aringarriak. Ilustrazio garaian areto eta hoteletan egiten ziren dantzetan, ez zen albora utzi dantza-mugimenduaren eta tarteka jaki gozoak edo elixirrak hartzeko uneak uztartzea. Testuinguru historiko haietan, herri xeheak gosete eta elikagai-gabezia gogorrak izaten zituen maiz, eta oparoaldietan edo herri-ospakizun eta jaietan hartzen zuten ordaina, zorrozki aplikatuz esaera: sabel betea, urrun nekea! Edo, bestela esanda, aristokraziaren eta burgesiaren gustu eta joerak imitatzen saiatzen ziren, beren gaualdi eta dibertimendu koreografikoetan.
Ondorioz, ez da harritzekoa elikagaien eta jai-egitate koreografikoen arteko zuzeneko harremana. Eta, hala, komunitate tradizionaletan ohikoa zen elikagaiak oparitzea, izaera sozialeko zenbait dantzatan (Aurreskua, Erregelak, Zortzikoak, Esku dantzak, etab.) emakumeek parte hartzearen ordainetan. Zehazki, oblatak direlakoen opiltxo edo eskaintza landuak, Dantzari-dantzan Txotxongiloa egiten zuten dantzariei eramaten edo jaurtitzen zitzaizkienak. Ildo berean, mutilei piperopil klasikoak oparitzen zitzaizkien, Sakanako koreografia sozialetan gonbidapena egiteari erantzunez. Gure eremu geografiko askotan, protokolozko talde-dantza zabaldu horiek –genero batek edo besteak gidatuak– amaitutakoan, ohitura zegoen bakailaoa, gazta, ogia edo ardoa hartzeko gonbita egiteko, jaietarako diruaren kontura. Askaria ere egiten zen, txokolate, gaileta edo pattarrarekin, herriko jende gorenarekin adiskidetasunean.
Antzeko mahaikidetasunez antolatzen ziren bi sexuetako eta adin-talde guztietako gazteen buruak. Alegia, eske tradizionalei amaiera emateko bazkari edo askari komunitarioetan, jaietako talde-otorduetan, genero edo auzokideen artean elkarri egindako gonbidapenetan, dastatzeko helburuz egindako mokaduak, erritu-dantzen edo dibertitzeko dantzen atsegin-guneetan. Hori guztia, era guztietako elikagaiak ahoratzea opari edo gizarte-korrespondentziako elementutzat hartzearen inguruan.
Josu Larrinaga Zugadi — Soziologoa