Dantza bera[1] eta dantza tradizionala[2] gertakari sozialak dira, ezer izatekotan: komunitatea, memoria eta identitatea artikulatzen dituen praktika kulturala. Dimentsio estetikoaz harago, dantzak gizarteko harremanak antolatzen eta arautzen ditu, balio sinbolikoak adierazten ditu, eta festa erlijiosoetan eta komunitatearen jaietan izaten da: erromerietan, inauterietan edo/eta nekazaritza-arloko ospakizunetan. Idatzi gabeko kodeen bidez artikulatzen eta ulertzen dira, eta kode horiek definitzen dute zer, nork eta non dantzatu, eta zer arau erabili dantzan. Dantza erritualak horren guztiaren adibide dira, esaterako; izan ere, egitekoak zorrotz banatuta daude eta keinu bakoitzak balio erritual bat du (Barandiaran, 1972).
Dantzak bere testuinguru kulturalean dituen espazioak soziabilitaterako guneak dira. Taldeko dantzak eta bestelakoak gizarte-kohesioaren formak dira, eta tokiko nortasunak indartzen dituzte. Caro Barojak dioen bezala (1979), dantza tradizionala ezin da ulertu, jaietako egutegiarekin eta landa-munduko elkarrekikotasun-sistemekin lotzen ez bada.
Dena dela, azken mendean dantza tradizionalek eta bestelakoek eszenifikazio eta espektakulu prozesua izan dute. Lehen plazan dantzatzen zen, komunitatearekin eta komunitatearentzat; orain, agertokietan, jaialdietan eta ekitaldi instituzionaletan dantzatzen da. Folklore-taldeek garrantzi handia izan dute dantzak gorde eta hurrengo belaunaldiei helarazteko, baina baita eraldatzeko ere: kodetutako errepertorioak, uniformizatutako jantziak, ikuskizunera egokitutako koreografiak (Larrañaga, 2007).
Horrek tentsioak eragin ditu. Batetik, dantza-ondarearen ikusgarritasuna areagotu egin da: nazioarteko lehiaketetan ikusten ditugu, hezkuntza-programetan edo ekitaldi politikoetan, nortasunaren ikur gisa. Baina, bestetik, praktikei testuingurua kentzeko arriskua dago, jatorrizko erritu zentzutik aldenduko dituen erakusketa estetiko huts bihurtzekoak (Díaz de Durana, 2015).
Horren adibideetako bat aurreskua da; garai batean taldean egiten zen dantza gaur egun “ohorezkoa” da, eta zeremonia zibiletan, omenaldietan edo inaugurazio ofizialetan dantzatzen da. Espektakulu bihurtzeak estilizatu egin ditu aurreskuko pausoak, eta egiteko soziala protokolo-erritu izatera murriztu du. Nafarroako Erriberako makil-dantzan adibidez, antzerkiko elementuak, satira politikoa eta dantza errituala konbinatzen diren arren, gaur egun tokiko elkarteei esker bizi da eta ondare-ikuskizun bezala berrinterpretatzen dute.
Eraldaketa horiek argi uzten dute autentikotasunaren eta berreraikuntzaren arteko tentsioa. UNESCOk dioen bezala (2003ko Konbentzioa), ondare immateriala dinamikoa da eta testuinguru berrietara egokitzen da, baina beti dauka jatorrizko egiteko soziala galtzeko arriskua. Dantza praktika bizia izaten jarraitzea da erronka, komunitateari lotua, “agertokiko folklore” huts bihurtu gabe.
[1] Gorputza adierazpide sinboliko, estetiko edo espiritual legez erabiltzen duen adierazpena.
[2] Ekintza sozial edo aisiakoa; musikaren erritmora mugitzean datza, banaka edo taldean.
Julio Cesar – Labrit Ondarea
BIBLIOGRAFIA
Barandiaran, J. M. (1972). Obras completas. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca.
Caro Baroja, J. (1979). El carnaval. Madril: Taurus.
Eusko Ikaskuntza (2001). La danza tradicional en el País Vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza.
Larrañaga, J. (2007). “La transmisión de la danza tradicional vasca en el siglo XX”. Revista de Folklore, 320, 45-52.
Díaz de Durana, J. (2015). Fiestas, ritos y danzas en Navarra y el País Vasco. Iruñea: Nafarroako Gobernua.
UNESCO (2003). Convención para la salvaguardia del patrimonio cultural inmaterial. Paris: UNESCO.