Etnografia atalak

0

Deiadar mendiak. Iturria: Felix Mugurutza.

Joan den ekainaren 8an berriz ikusi izan ditugu hainbat lagun mendi zehatz batzuetan elkartzen, errebindikazio identitario bat egiteko. Ez edozein menditan, sinboloak ondo hautatuta zeudelako, Bizkaiko Kolitxa, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollube gailurretan baizik.

Erdaraz montes bocineros ditugun horiek mendi turututzaileak edo, azken garaiotan eta gustu linguistiko hobeaz, deiadar-mendiak deitu izan dira.

Deiadar-mendiak, bai… Horrela esaten zaie, oso zabalduta dagoen herri-ustearen arabera, bertatik adarrak jo eta suak pizten zituztelako, Gernikako batzarretara joateko deialdia egiten zenean.

Baina praktikan badakigu Gorbeiaganan sua piztea ezinezkoa dela egun gehienetan. Eta piztuko bagenu, ia seguru, kea barreiatuko litzaiguke lainoen artean, misioa hondatuz. Bestetik, bertan zaudetela, egizue proba adarra jotzen: 200 metrora ere ez da entzungo hain paisaia zabal eta haizetsuan. Ez du ez hankarik ez bururik. Orduan, zergatik?

Asmakizun bat delako hori guztia, nahiz eta hamaika tokitan eta wikipedian bertan horrelakorik topatuko dugun oraindik ere.

Foruak baliogabetu zizkigutenean, euskal gizartean –ez soilik Bizkaian– depresio orokor bat egon zen: sentimenduen hutsunea, borrokatutako idealak eta lurraldea galduak zeudelako. Noraezean zebilen herria ginen, itxaropena akitua.

Deiadar mendiak. Iturria: Felix Mugurutza.

Horregatik, idazle, margolari, musikari, historialari eta abarren joera erromantiko bat piztu zen XIX-XX. mendeen bitartean eta joandako iragana inoiz baino gehiago goraipatu, irudikatu, jantzi eta idealizatu zen. Ad hoc asmatzen zelako. Dena zen loria eta dena epika gure iraganaz ari ginenean. Hori zen behar genuen salbazioa eta horri heldu genion indar handiz, egiazkotzat hartuta ipuina baino ez zena.

Idazle erromantiko horietako bat Antonio Trueba idazle galdamestarra (1819-1889) izan zen, garai hartako Bizkaiko kronista entzutetsua. Eta hari zor diogu deiadar-mendien mito modernoa, bera izan baitzen lehenbiziz aipatu zuena. Ordura arte ez zen existitzen baina harrezkero mundu osora hedatu zen, emozionalki behar genuelako gure zauriak sendatzeko.

Mito berria eraikitzeko, oinarritzat hartu zuen dokumentazioan beti aipatzen zen esapide bat eta, bost zirenez bertan izendatutako bozinak, primeran zetorkion Bizkaiko bost eskualdeei erreferentzia egiteko.

Alberto Santana historialariaren esanetan, batzarretako aktetan sarritan aipatzen den “tañidas las cinco bocinas y consintiendo en ellos todos los vizcainos se dio comienzo a la Junta” esapidea, 1452. urtekoa da eta erreferentzia egiten dio bertan zeuden garaiko Batzar Nagusietako funtzionario moduko bost arduradunen zereginari.

Baina ez da inon mendiez ezer aipatzen… ez dago beraz gailurretako Erdi Aroko adar-deialdi fabulosorik… asmakizun berria delako.

Beraz, bai ospakizunetarako edo erreibindikazioetarako nahi den guztiari. Baina ez nahasteari egiazko historiarekin. Bestela esanda, adarrak jo, bai; baina… ez adarrik jo!!

 

Felix Mugurutza – Ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~