Etnografia atalak

0

Aspaldikoa da, Euskal Herrian, etxeei izena ipintzeko ohitura, eta sarri askotan, etxekoek etxearen izena hartu izan dute abizentzat; izan ere, ‘etxe’ hitza jario handiko iturria izan da euskal deiturak osatzean.

Jaiotetxea ez ezik, auzoa, herria edo bestelako leku-izenak aipatzen dituzten deiturak ere erabili izan dira maiz euskal lurraldeetan. Tradizioak aginduta, oraindik ere nongo semea edo alaba zaren itaunduko dizute norena zaren baino lehenago gure herrietan.

Halaber, deitura toponimikoak ipintzen zizkieten sasoi batean aita-ama ezezagunak zituzten ume abandonatuei. Eskasian bizi ziren familiek kargu hartu ezin zituzten umeak ziren batzuk, beharrizanak eskatuta abandonatuak; beste asko ezkontzatik kanpo jaioak, eta orduko diskurtso moralisten arabera, bekatuaren seme-alabak.

XIX. mendean, umeak kalean uztea zen, tamalez, joera nagusia, elizetan eta komentuetan zela, edozein baserritako atarian zela, inklusako tornuan zela; beti ere modu anonimoan eta norbaitek jaso eta haziko zituelakoan.

Ordura arte, umeak abandonatzea ezohikoa omen zen gurean, antzinako familia zabalek bermatzen zuten babesagatik, hain zuzen: aitita-amamak eta bilobak, osaba-izebak eta ilobak, anaia-arrebak eta ezkon anaia-arrebak… etxe berean bizi ziren guztiak, euskaldunek bere-berea zuten familia tronkalaren ereduan.

XIX. mendearen amaierara arte, Iruñean zegoen Euskal Herriko ume abandonatuentzako etxe bakarra. Bizkaiko ume abandonatuak Zaragozara eta, gerora, Errioxako Calahorrara eramaten ziren. Ordutik aurrera, erakunde publikoen ardurapean geratu ziren benefizentzia-etxeak.

Solokoetxeko zabalgunean, Begoñako elizatearenak izaniko lurretan, eraiki zen esposito-etxeak, 1883ko abenduan inauguratu ondoren, 1884ko urtarrilean zabaldu zizkien ateak Bizkaiko ume abandonatuei. Hiru pisuko eraikin horrek ehun bat umerentzako lekua zeukan. Kalean uzten ziren umeen kopuruak, baina, gora egiten zuen urtero. 1890eko datu-bilketaren arabera, esaterako, 189 ume bataiatu ziren tornu-etxean zegoen kaperan.

Umeoi bataio-izena eta zenbakia ematen zitzaizkien, abizenik ez. Nagusitu orduko, beharra egonez gero, soldadutza egiteko edota ezkontzeko, esaterako, Bilbao deitura jartzen zitzaien, besteak beste; eta, horrekin batera, aita-ama ezezagunak izatearen etiketa, eta hala desondran bizitzera kondenatuak ziren. Deitura horien atzean errealitate gordina zegoen, gizartearen mespretxua jasan zutenen oinazea. Inoiz, oraindik ere, entzun liteke umetxo haien oihartzuna.

1895ean, amaetxea eraiki zuten sehaska-etxearen alboan. Ama ezkongabeen umealdiaren azken bi hilabeteetarako ama ezkongabeentzat prestatuta zeuden tokiak ziren amaetxeak. 1902ko azaroan hasi zitzaizkien deiturak ipintzen sehaskako umeei, euskaraz zein gaztelaniaz, berdin Etxebarria, zein Gorrotxategi, Urrutia, Gartzia, Pereda edo Fernández. 1910ean 300 ume baino gehiagoren izen-deiturak ageri dira esposito-etxeko erregistro-liburuan; horietatik 180tik gora hil ziren umetan, gehientsuak urtea egin barik.

Hiriko umeak inudeek hazten zituzten, hala sehaska-etxean bertan, nola handik kanpo. Inude gehienak baserrikoak izaten ziren, ume biologikoa galdu berriak eta, horregatik, bularra emateko egoera aproposean zeudenak. Espositoak eradoskitzeagatik eta zazpi urte bete arte zaintzeagatik diru-sari kaskarra jasotzen zuten, nekez bizirauteko adinakoa.

Baserrietan ohikoa zen, senide ugari izanagatik, kaxako umeak ekartzea. Baten batzuk atzera eramaten ziren, beste hainbat baserriko eskulanetan erabili, eta gainerakoak familiek seme-alabatzat hartu eta hezten zituzten.

XIX. mende bukaeran, umeenganako kontzientzia aldatu egin zen, adingabeen eskubideak babesteko mugimenduek ahalbidetuta, besteak beste. Askatasun ideologiko horren ondorioz, gero eta ume gutxiago abandonatzen ziren, eta, azkenean, Bizkaiko sehaska-etxeak 1984an itxi zituen ateak betiko. Lehen esposito-etxea izanikoa, orain Santutxu auzoko osasun-zentroa da.

Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Maria Altunaren eta Leire Urbeltzen ilustrazinoak. Bilbon hara-hona. Bilbo, 2020.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~