Etnografia atalak

0

Iturengo Joaldunak pusketan. Egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

1936. urtera arte, Lazkaoko Inauterietako asteartean, Udalbatza mezetara joaten zen, ibilbidean zehar zuriz jantzitako dantzarien konpartsa bat aurretik zuela. Dantzariek erratz bana izaten zuten eskuan eta harekin ibilbidea garbitzeko imintzioak egiten zituzten, eta udaletxera iristean, agintariei eskainitako ohiko zubia egiten zuten haien tresna bereziekin. Ibilbidea garbitzeko ekinbide hori bera ikus daiteke Zuberoako maskaradetan, hain zuzen, Txerreroak (txerri-zaintzaileak) aitzindari taldearen buru doanean egiten duen ekintzan; segizioa zabalduz doa, joan-etorrian dabilela, aldi berean, zaldi-zurdaz egindako erratz bitxia lurrean astinduz. Horrez gainera, Abaltzisketan txantxo izenekoek egiten duten eskean edo puska biltzean ere ageri da mozorro garbitzaile baten irudia, taldearen aurretik doan pertsonaia; hain zuzen ere, makil dantza dantzatuko den espazioa erratzaz garbituko duena.

Beste hainbestean, Europako inauterietako zenbait ospakizunetan antzeko ekintzak errepikatzen dira (ezkontzak, kopulazioak, haurdunaldi eta erditze irrigarriak, ekoizpen-lanen edo bestelako pantomima batzuen irudikapenak) eta era bereko maskarak eratzen dituzte (zigortzaileak, zaratatsuak, forma eta mugimendu groteskoa dutenak, basatiak, etab.). Ez da ahaztekoa segizioaren ibilian hautsa, lokatza edo elurra eskobatzeko edo jasotzeko ekintza obsesiboa ere, erratz fisikoz (adarrez, artatxikiz, lastoz eginak edo sintetikoak) edo lau hankako animalien zurdazko edo isipuak osatzeko erratz sinbolikoz.

Txerreroa. Antzinako postala. Iturria: Josu Larrinaga Zugadi.

Erratza horiek, gure joko-dantzetan (isats-dantzak edo sorgin-dantzak) ohikoak dira, horrenbestez, inauterien garaian mozorrotuen eskuetan agertzen dira; eta haiek oinezkoak beldurtzeko edo zikintzeko astintzen dituzte (txatxoak Lantzen, porreroak Zalduondon, txatarrak Arbizun, etab.). Lesakako eta Irungo goitiarrek modu atseginagoan erabiltzen dituzte, eta zenbait pertsonaiatan isipu moduan ikus daitezke, (Ituren eta Zubietako joaldunak edo Lapurdiko kotilun gorriak).

Bizitoki-esparru baten ataria garbitzea eguneroko ekintza izan den arren (baserriak, artzain-bordak, ohiko lan guneak, etab.), esanahi errituala ere izan du, hala nola antzina emazte berriek (burruntzia, kandela, argizaiola edo erratza eskuetan) etxearen jabetza jasotzen zutenean; edo sukaldea egunero gauez erratzarekin pasatzea, izaki ongileak erakartzeko edo espiritu txarrak saihesteko. Era berean, ohikoa zen etxebizitzaren kanpoaldean erratza kirtenean bermatuta jartzea (gainean, gurutze forman, guraizeak edo ikatzetarako tenazak jarriz), eguraldi txarra baretzeko edo gogokoak ez ziren bisitak saihesteko asmoz.

Horri guztiari gehitu behar zaio sorginen ustezko hegaldien inguruan sortu den literatura oparoa, erratz gainean, hankalatraba, akelarre ospetsuetan parte hartzeko egiten omen zutena. Halaber, aipagarriak dira igarobide-erritual ugari eta askotarikoak (jaiotza, ezkontza, heriotza edo elkarbizitza-otorduak), ekintza magiko-erlijioso ilunetan gauzatuak eta izaera pribatu zein sozialeko edozein gertakariren aurrean baliatuak. Izan ere, garrantzitsuak edo esanguratsuak diren ekintzak arriskurik gabe gauzatu ahal izateko, espazioaren garbiketa fisikoa edo purifikazio sinbolikoa beharrezkotzat jotzen zen komunitate osoarentzat.

 

Josu Larrinaga Zugadi — Soziologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~