Etnografia atalak

0

Erriberako merkatua. Egilea: Gabo Punzo. Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Erromatarrek mercatus deitzen zioten merkataritzari, mercari (erosi) aditzetik eratorritako hitza baita. Latinezko hitz honen jatorririk antzinakoena merk- erroan dago, eta etruskoek erabiltzen zuten merkataritzarekin lotutako hitzak osatzeko. Erro hori, era berean, Merkuriorekin, merkataritzaren jainkoarekin, lotzen da.

Erriberako Merkatua historikoki Bilboko azoka tradizionala egon zen leku berean —Plaza Zaharrean— dago. Hasieran, plaza zabala eta irekia zen, eta, pixkanaka, hobetuz joan zen, gaur egungo itxura lortu arte. Guneak elikagai freskoen eguneroko erosketaren kutsua eta bereiztasunak mantentzen ditu orain ere.

Bizkaiko gizartearen bilakaera soziologikoak eta ekonomikoak, eta, bereziki, Bilboko gizartearenak, 1300. urtean Hiribildua sortu zenetik gaur egunera arte, zuzeneko eragina izan du Erriberako Merkatuaren bilakaeran. Hala ere, azken hamarkadetako elementu eraldatzaile esanguratsuenetan jarriko dugu arreta.

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da, 1971n, Bilboko Elikagai Unitatean (Mercabilbao) Arrain eta Fruta eta Barazkien Merkatu Nagusiak jarri zirela martxan. Orduz geroztik, Erriberako Merkatuak eskualdeko handizkako hornikuntza-gune nagusia izateari utzi zion, eta herritarren hornidura-azoka bihurtu zen.

Bestalde, landako familia-ekoizleen zuzeneko salmenta desagertu egin zen pixkanaka, eta, horrekin batera, bendejeren presentzia gutxitu egin zen merkatuan, bai adinean aurrera zihoazelako, bai belaunaldien arteko erreleborik ez zegoelako. Prozesu horren ondorioz, tradizionalki baserrietako familien ardurakoak ziren postuak langile autonomoek kudeatutako beste batzuengatik ordezkatu ziren. Azken horiek handizkako merkatuen edo hornitzaileen bidez erosten zituzten produktuak.

Merkatuko ostalaritza gunea. Iturra: Zuriñe Goitia.

Halaber, nabarmentzekoa da Bilbao Zerbitzuak udal-erakunde publikoa martxan jarri zela 2011n, zeinak bere gain hartu baitzuen Erriberako Merkatuaren zuzeneko kudeaketa, eta Bilboko Udalaren esku-hartzea indartu eta arindu zuen, bere eskumenen esparruan.

Horrez gain, merkataritza-jarduera hutsez gain, beste jarduera osagarri batzuk ere sartzen hasi ziren pixkanaka, eraikinaren erabilerak zabalduz: jazz-taberna bat 2014an, zenbait gastro-taberna 2015. urtetik aurrera edo Sukaldaritza Eskola bat 2019an.

Beste gertaera gogoangarri bat COVID-19aren pandemia izan zen; izan ere, merkatariak etxez etxeko zerbitzua ezartzera behartu zituen. Esperientzia horretatik sortu zen online-salmenta, eta gaur egun ere martxan jarraitzen du.

Azkenik, Bilbo helmuga turistiko bihurtzeak Erriberako Merkatua bere erakargune nagusietako bat bihurtu du. “Azken edo hirugarren belaunaldiko turistak” deiturikoek ez dituzte soilik esperientziak bilatzen, tokiko eguneroko bizitzanmurgildu nahi dute, bertako biztanleekiko harremanaren bidez bertako ohituretara eta kulturara hurbilduz.

Aurreko guztiaren ondorioz, Erriberako Merkatua etengabe berritzen ari den eta irauteko bokazio argia duen gunea da gaur egun. Elikagai galkorren salerosketan bakarrik jarduten zuen merkatu izatetik, aisia, ostalaritza, sukaldaritza eta irakaskuntza uztartzen dituen espazio izatera pasatu da, eta merkataritza-gune ez ezik, gune soziokultural gisa ere finkatu da, non truke ekonomikoak eta giza trukeak, jatorrian bezala, funtsezko ardatz izaten jarraitzen duten.

 

Zuriñe Goitia — Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~