Etnografia atalak

0

Virginia Abio-ren eta Cristina Garay-ren eskola-argazkia, 1944. Autorearen kortesia.

Joan den mendearen bigarren erdira arte, umeak sei-zazpi urterekin hasten ziren eskolara. Derrigorrezko eskolatzea laburra izaten zen: hamabi urtera artekoa normalean, hamalau urtera artekoa gehienez; betiere kasuan kasuko familiaren etxean zegoen eskulan-beharraren arabera. Eskolatze-aldia ez zen inolaz ere behar bestekoa izaten, neska-mutilen ganorazko prestakuntza bermatzeko, eta, gainera, eskoletako absentismo-indizeak altuak ziren, batez ere landa-eremuetan, batean etxeko lanen premiagatik, bestean eguraldi txarragatik. Izan ere, prezipitazioek eta tenperatura baxuek asko zailtzen zizkieten baserritik ikastetxeraino egunero oinez egin beharreko ibilbide luzeak ikasle askori.

Mutilen nahiz nesken eskoletan gaztelaniaz hitz egiten eta irakasten zen, etxean eta kalean euskara ohiko hizkuntza zen herrietan ere bai. Ikasleek irakurtzen, idazten eta matematika-eragiketa errazak egiten ikastea zen irakaskuntzaren helburua, baita kristau-doktrinaren ezagutzak bereganatzea ere. Neskei josten ere irakasten zitzaien.

Virginia Abio-ren eskola-koadernoa, 1945. Autorearen kortesia.

Gure amamaren eskola-koadernoa etorri zitzaidan esku artera duela hilabete batzuk. Marradun papera du koadernoak, eta lumaz idatzita dago. Esaldi erlijiosoak ageri dira tartean-tartean, eta diktatuak, erredakzioak, gramatika-ariketak eta matematika-problemak ere badaude, beren soluzio matematiko eta guzti. Landa-eremuko adibideak (uztak, azienda, nekazarien salerosketak…) erabiltzen dira ariketa gehienetan. Eta, hartan ere, koaderno osoan nabarmentzen den ezaugarri batek eman zidan atentzioa bereziki: idazkeraren kalitateak eta kaligrafia ederrak.

Garai batean, kontua ez zen idazten jakitea, txukun idazten ikastea baino; eduki ere kaligrafiak garrantzi handia zeukan eskolan. Idazketa-teknika hori maisu-maistrek arbelean idazten zituzten hizkiak imitatuz, kaligrafia-koaderno espezializatuetan eredu desberdinak errepikatuz eta eskola-eskuizkribuetatik hainbat kaligrafia-mota kopiatuz ikasten zuten.

Boligrafoaren asmakizunak sekulako iraultza eragin zuen teknika kaligrafikoa ikasteko prozesuan. Lehenengo idazmakinak agertu zirenean, mekanografiak kaligrafia ordezkatu zuen; eta ordenagailuaren teklatuak ordezkatuko zuen gerora mekanografia. Denborak aurrera egin ahala, eskuz idazteko beharra gutxitu egin da; areago, gaur egungo eskuizkribu urri-urrietako idazkera, inprimagailuetatik ateratzen diren idatzien antzera, hizki sinple eta erabat solteez osatzen da.

Letra etzan eta lotuarekin idatzita dauden hitz hauekin amaitzen da amamaren eskolako koadernoa: Eskolako azken eguna da, oso egun tristea, eskola betiko uzten dudalako, eta, aurrerantzean, ezingo dudalako ez jolastu, ez irakurri, ez lehen egiten nituen gauzak egin. Pozgarria izan da eskolara etortzea! Eskolara joateari uzteak baserrian lanean jardun beharra zekarren, zela nekazaritza- eta abeltzaintza-lanetan, zela bestelako zereginetan eta etxeko nagusiak zaintzen. Aldaketa ikaragarria izan zen berarentzat; eta, horrexegatik gorde zuen arduraz eta betiko bere eskolako koaderno maitea, baita haren bidez ikasitako guztia ere, egoki eta dotore idaztea batik bat.

 

Zuriñe Goitia – Antropologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~