Euskal Herriko baserriak ez dira soilik eraikin xume batzuk, memoria kolektiboaren zutabeak dira; gure iraganaren eta nortasunaren aztarna iraunkorrak. Haatik, baserriaren iruditegi xumearen atzean bada bestelako dimentsiorik. Azken batean, zerk egiten du eraikin bat baserri? Eta zerk jauregi? Eztabaida horretatik abiatzen da gaurko jarduna, eta horretarako Legorretan kokatutako Oriar baserria izango dugu idazki honen ardatz.
Legorretako sarreran kokatua, eta herriko hainbat txokotatik ikusgai, harrizko eraikin handi bat da Oriar. Lehen begiratuan, eraikinak nobleziarekin edo gutxienez boterearekin harremana izan duela antzeman daiteke. Atarian armarria ikus daiteke, eta baita edozein etxek izango ez lituzkeen apaindurak ere. Bestalde, etxe horren barrunbeetan sakonduz gero, bestelako errealitate bat ageri zaigu.
Oro har, baserriaren eta jauregiaren arteko bereizketa ez da soilik arkitekturari edo apaindurari dagokion auzia. Dimentsio sozial eta funtzionaletan ere oinarritzen da. Baserria bizimodu bati estuki lotutako egitura da: nekazaritza, abeltzaintza eta etxaldearen autohornikuntza ziren haren ardatz. Bertako biztanleek lanaren eta eguneroko praktikaren bidez egituratzen zuten espazioa. Jauregia, aldiz, botere politiko edo ekonomiko baten adierazlea zen maiz, eta arkitektura ikusgarriagoa zuen, apaingarri eta elementu sinbolikoekin aberastua, biztanleen estatus soziala azpimarratzeko. Hortaz, ez da harritzekoa Oriar bezalako eraikinek, euren ezaugarriengatik, herritar batzuentzat baserriaren eta jauregiaren arteko mugak lausotzea. Dimentsio horren inguruan hausnartzea funtsezkoa da eraikin baten identitate kolektiboa ulertzeko.
2007tik bertan inor bizi ez arren, azken mendeetan etxe hori gorpuztu duten norbanakoak aintzat hartuta, bere esentzia baserri batena dela esan genezake. Zergatik? Bada, Le Bretonek (2012) aipatzen duen moduan, gorputza espazioaren lekuko da; memoria bera eraikinetan baino gehiago bizidunetan gordetzen baita. Honela, esan genezake Oriar baserri gisa izendatzen dutenak berau bizi izan eta haren definizioa moldatu dutenak direla. Finean, baserri baten funtzioa bete baitu belaunaldi sorta luze batentzat, ezen memoria ez baita soilik hormetan gordetzen, bertako biztanleen bizimoduan baizik.
Hala ere, bada herrian beste ikuspegi bat ere. Herriko kide ugarik Oriar “jauregi” gisa izendatzen dute. Hau, ordea, definitze hutsal batetik haratago doa, eraikinaren esanahi sinbolikoaren birkonfigurazio bat baita. Halako izendapenek espazioaren esentzializazio prozesuak alda ditzakete, baserriaren eguneroko praktikak lausotuz eta ondarea bera mitifikatuz, iragan urrun batean iltzatuz. Horra hor begien bistan eraikin baten gainean izan ditzakegun pertzepzioek sor dezaketen talka.
Greenwooden (1997) esanetan, ondarea ez da iragana, oraina eraikitzeko erabiltzen dugun iraganaren erabilera baizik. Oriarren kasuan, komunitateak berak erabakiko du zein izango den espazio horren gaineko definizioa: eguneroko lanaren oroigarri edo estatusaren sinbolo. Perspektiba horiek ez dira elkarren aurkakoak soilik, elkarrekin bizikidetzan daude, etengabeko negoziazioan.
Eztabaidaren muinean, eraikin bat jauregi bihurtzen duena ez da soilik bere arkitektura, hari atxikitzen zaion sinbolismoak izugarrizko zama du. Eta baserri izateko ez da nahikoa eraikina izatea; beharrezkoa da bertan gorpuztu diren bizitzak, praktikak, norbanakoak eta narrazioak balioan jartzea. Hortaz, garrantzitsua da zintzotasunez ondorengo galdera hauek egitea: Zer baliorekin eraikitzen dugu gure memoria? Noren begietatik ikusten dugu ondarea? Eta, batez ere, zer izan nahi dugu, eta nola lotu nahi dugu gure herriko txokoekin? Oriar etxeak, bere isiltasunean, galdera guztiak pausatzen dizkigu mahai gainean.
Ametz Gurrutxaga
Bibliografia:
LE BRETON, David. 2012, Por una antropología de las emociones. Revista Iberoamericana de Estudios sobre Cuerpos, Emociones y sociedad, 1, pp. 69-79.
GREENWOOD, Davydd. 1997, Culture by the pound: an anthropological perspective on tourism as cultural commoditization. In: V.L. Smith (Editor), Host and guest: the anthropology of tourism. Univ. Pennsylvania Press, Pennsylvania, pp. 129-138.