Etnografia atalak

0

Irezabaleta baserria (Mañu – Bermeo, 2011). Egilea: Akaitze Kamiruaga

Bizkaiko lurraldean nagusi den populatze-sistema barreiatuan, baserria dugu euskal etxe motarik hedatuena. Baina “baserri” hitzak, etxeazgainera honi dagozkion inguruko lurrak ere hartzen ditu,etxaldea,alegia. Etxeak eta bertan bizi den familiak osotasun bakar bat moduan jokatzen du. Etxe bakoitzak, hark berak, familia osoaren mantenurako nahikoa izan behar du; hau da, ekoizpen-unitate burujabea da funtsean. Ezaugarri honi erantzutera dator familiako ondarearen zatiezintasun printzipioa; era berean, jabetzaren eta familiaren inguruan diren ohiturazko arauak ondarearen, familiaren eta etxearen kontserbazioa eta garapena ziurtatzea izango dute helburu, azken hau, etxea, familia-unitatearen barruan manten dadila ahaleginduz. Testuinguru horretan ulertu behar dira Bizkaian ezagutzen ditugun ohiturazko zuzenbideko oinarrizko hainbat erakunde: tronkalekotasuna, testamentua egiteko askatasuna eta ondare-komunikazioa, berbarako.

Tronkalekotasuna

Bere baitan, jabetza familiarekin lotzen da eta ezin da hartatik irten “tronkeru” izaera duten senideek hura onartu gabe, betiere ordena jakin bat jarraituz: beheranzkoak, goranzkoak eta azkenik kolateralak, kasu honetan laugarren maila zibil arteraino. Bizkaiko Foruan testamentua ematen denean ”tronkeru” izaera duten senideen alde egin behar da; eta beste pertsonarik ondorengo izendatzen bada aurka egin diezaiokete hauek testamentuari. Jabetzarik saltzea edo ematea nahi den kasuan berauei eskaini behar zaie aurretik, hura tasazio-prezioagatik erosteko aukera izan dezaten: “saca foral” izenez ezagutzen da eskubide hori. Hala egin ezean, egindako salmenta aurkara zitekeen, eta saldutako ondarea eskuratzeko eskubidea erreklama zezaketen izaera hori zuten tronkaleko ahaideek.

Tronkalekotasunak Bizkaiko lurraldean duen beste ezaugarrietako bat zera da, pertsona batek familiarekin zerikusirik gabeko hirugarren baten eskutik lortu dituen ondareek ere izaera tronkala hartzen dutela aurrerantzean; kasu honetan, ordea, bere seme-alabei eta hauen ondorengoei soilik aitortuko zaie ondare horiekiko “tronkeru” izaera hori.

Landeta-Elorriaga familia (Lezama, 1950eko hamarkadan). Iturria: Eli Zallo.

Testamentua egiteko askatasuna

Testamentugileak askatasun garrantzitsuak ditu Bizkaiko foru-legerian. Senar-emazteei, komisario bat ―gehienetan ezkontidea― izendatzeko ahalmena aitortzen zaie, testamentua bere heriotzaren ondoren testamentugileak zituen ahalmen berekin eman dezan. Arruntena testamentu hau senarraren eta emaztearen artean ematea izan da; kasu horretan, “alkar-poderoso” deitu izan zaio.

Horrekin batera, bestalde, kontuan izan behar dugu Bizkaian testamentua egiteko askatasunak ondarea ondorengo bakarrari transmititzea baimentzen diola, 1526ko Foru Berriak ezarri zuen “legitima” izenez ezagutzen den muga bakarrarekin (aurretiaz tronkalekotasuna baitzen testamentua egiteko askatasunaren muga bakarra) zeinek, gainerakoak aldenduz, seme-alaben arteko oinordeko bakar bat izendatzera behartzen duen. Tradizioak, ezkonsariarekin, lanbidea ikasteko diru-kopuru batekin zein, ezkongai zeuden bitartean etxean bizi izateko eskubidea aitortzearekin gainerako seme-alabez arduratuz, baserri osoak transmititzea baimentzen zuen.

 Ondare-komunikazioa

Senar-emazte arteko ondare erregimena Bizkaian “foru-komunikazio” bezala ezagutzen da, eta jada 1452ko Foru Zaharrean jasota dago. Horren arabera, heriotzarik egotekotan ondare guztien erdibitzeari ekin behar zitzaion; gero 1526ko Foru Berriak, ondorio hauek ezkontza seme-alabekin disolbatzen den kasura soilik mugatu zituen. Bizkaian eman den erabilera oso orokorra bizirik atera den alarguna jaraunspenaren osotasuneko gozamenduna izendatzea izan da; horrek bere posizioa sendotzen zuen sendoki ustezko oinordekoen aurrean.

 

 

Abel Ariznabarreta

Historialaria

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~