Etnografia atalak

0

Munekogoikoa baserria (Urigoiti, Orozko). Egilea: Javier Perea. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Gure amamari itzelean gustatzen zitzaion andaputxuan eguzkitan egotea, gure baserria hotza da-eta udan, eta neguan zer esanik ez.

Andaputxuan, eguzkitan egon bakarrik ez, beharren batzuk ere egin behar izaten ziren. Ondo dakigu-eta baserritarrok baserrian beti dagoela zereginen bat, eta, eguzkitan gaudela atseden apurren bat hartzen ere, behartxoren bat etorriko zaigula eskuartera.

Hantxe garantzen genituen indaba eta artoa. Garandu aurretik ere, hantxe egoten zan sikatzen zabal. Hurritzak batu orduko ere, bertan apartatu eta garbitzen ziren. Tomate sasoian, berbertan zuritu, zatitu-eta egiten zan, geroagoan egosi eta poteetan sartzeko. Eta, beharrok alde batera utzita, jaiegunetan, auzoren bat edo gonbidaturen bat etortzen zenean ere, lehenengo berriketalditxoa etxe barrura sartu aurretik andaputxuan egiten zen, jesarrita eta kopauren bat hartzen. Horrexegatik jagoten zen horren ondo eta lorez apaintzen zen.

Andaputxua etxearen beste zati bat da izan, eta hitza bera ere etxekotzat daukagu guk. Gerora jakin nuen beste eskualde batzuetako euskaran berba arrotza dela; izan ere, Bizkaiko baserri guztiak ez dira berdinak eta denek ez daukate andaputxurik, jakina.

Udiaga baserria (Udiaga, Orozko). Egilea: Itziar Rotaetxe. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Xabier Kintanak Herri hizkerako lexikoaren altxorretik[1] izeneko liburuan dioenez, Orozko haranean jasoriko berba da, eta nori eta Frantziska San Sebastian Uribasterrari, geure amamari, hain zuzen ere, 1996an, berak 96 urte zituela. Berbaren formagatik, eta esangura kontuan harturik, erdal mailegutzat jo liteke eta gaztelerazko antepecho berbatik eratorri. Bilakatze fonetikoaren arabera, ordea, eta berba erabilera berrikoa ez balitz, beste aukera bat ere egon liteke: andamio>andamu>andapu + –txu txikikariarekin amaiturik.

Zeberion ere halaxe esaten omen zaio. Eta Arratiako alboerrietako etxe batzuek ere eduki badaukate andaputxua. Bizkaiko beste herri batzuetan ere, Nabarniz, Ajuria, Ajangiz, Trapagaran eta Karrantzan, esaterako, ageri da han-hor-hemen.

Gurean, etxearen kanpoaldean, eguzkiari begira daude barrura sartzeko eskailerak. Etxe-aurreko hormari eusten diotela daude eskailerok alde batetik, eta, bestetik, altueran metro bat eskas duen harrizko hormatxo zabala. Hormatxo horrek babestu egiten ditu eskailerak, eta gainera oratzeko, igotzen laguntzeko, ere balio du. Eskailera-buruan balkoi moduko bat dago. Balkoi horretan dago etxerako sarbide nagusia. Eskailerak zein balkoia harlauzaz eginda daude. Egurrezkoak ere izaten dira etxeren batzuetan. Balkoi horri esaten diogu andaputxua; horixe da gure andaputxua.

 

Itziar Rotaetxe – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Euskal Herriko Atlas Etnografikoa obraren Etxea eta Familia liburukia kontsultatu daiteke.


[1] Xabier Kintana. Herri hizkerako lexikoaren altxorretik, Iker 10, Euskaltzaindia, Bilbao, 1997.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~