Etnografia atalak

0

Antzasti, euskaldunon etxea. Esteban Ramos.

Mendeetan etxea izan da gure gizartearen funtsezko egitura eta gure bizimoduaren jatorria. Familia eta etxea gauza bera izan dira gure kulturan: egiatan, familia hitza erabili beharrean etxekoak erabili ohi dugu, horren adierazgarri garbia hain zuzen. Tradizioz, etxearen eragileak etxekoak izan badira ere, etxekoek etxeari izena eta izana zor izan diote, Xalbadorren bertso goxoek gogorarazten digutenez. Harreman estua, trinkoa eta zatiezina.

Oi gure etxe maitea,
orroitzapenez betea,
zorionaren atea!
Zure altzoan iragana dut
sortzetik orai artea.
Izanagatik pobrea,
bertzeak baino hobea
ni sortu nintzan etxea.

(“Sortetxeari”. Xalbador, 1972.)

Antzasti, euskaldunon etxea. Esteban Ramos.

Osotasun hori hainbat elementuz josita dago, etxe tradizionala ez baita eraikina soilik; herrian parte hatzeko modu bat ere bada, baita sistema ekonomiko eta juridiko berezia ere. Esan gabe doa mota askotako etxeak daudela eta egon izan direla: nekazarienak, arrantzaleenak, kaletarrenak…, bakoitza bere ingurune hurbilera egokitua eta tipologiak baldintzatua. Are gehiago, etxeari berari lotu izan zaizkio bai ohiturak, sineskerak edota ofizioak; eta, ondorioz, haren araberako leinua sortu eta markatuko du gizabanako bakoitzaren bizimoduak eta ondorengoenak ere bai.

Etxearen kontzeptua bera aztertzerakoan, beraz, hainbat dimentsiotatik egitea daukagu: gorputz politikoa; ekoizpen-, lan- eta kontsumo-zentroa; emakumeen eta gizonen arteko harremanen esparrua; bizitza materialaren gunea; kultura eta erritualen espazioa; arau eta baloreen transmisiorako lekua; eta abar. Hala bada, etxea gizartea artikulatzeko lehen modu gisa agertzen zaigu. Horrek etxea hainbat ikuspuntu metodologikotatik aztertzeko aukera zabala izatea ahalbidetzen du. Esan genezake etxea giza konstruktua dela, baina etxea dela gu zizelkatzen gaituena.

Etxera bueltatu behar izan dugun garai honetan, hori guztia oroitzeaz gainera, gogora datorkigu ea gure egunerokoan aspaldiko dimentsiorik berreskuratu ote dugun; eta hala izatekotan, zein izan diren eta zein ondorio izan duten.

Antzasti – Euskaldunon etxea


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~