Etnografia atalak

Argazki-kredituak: Ziortza Artabe Etxebarria. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Sei urte bete zituen egunean bertan jausi zitzaion lehenengo esne-hagina Ekaini, ia konturatu ere egin barik jausi ere. Egunak egin zituen haginak kili-kolo; eta sagar zati bat jaten zebilela, plausta, lurrera erori zen.

Umeak bost-sei urte dituenean hasi ohi dira galtzen lehenengo haginak; normalean, aurreko erdiko hortzak, ebakitzaileak, lasaitzen direnean. Txikientzat etapa berri baten hasiera dakar jazoera horrek; haurrak haur izateari utziko dio laster.

Hagina koloka dagoenean ez ukitzea izaten da adituen gomendioa, bere bidea egiten uztea. Sasoi batean, ostera, hari batekin lotu eta tira eginez askatzen genituen. Eta inguruko xelebreren batek nahita kolpe bat emanda ere makina bat jausten ziren.

Eta hagina galdu ostean zer egin? Bada, munduko lekurik gehienetan egon izan da eta dago errituren bat haurrek esne-hortzetako bat galtzen dutenerako. Gehienak pertsonaia mitologikoren bati loturik daude.

Gure ama Larrabetzuko Legina baserrian jaio zen; eta akorduan dauka, txikia zenean, haginen bat jausi orduan, teilatura botatzen zutela. Hagina jaurti eta Maritxu Teilatukori abesten zioten:

Maritxu Teilatuko gona gorrie,
eutsi hagin zaharra eta ekarrizu barrie.

Bizkaian zabal ibili zen Maritxu Teilatukori hagina bota eta abesteko tradizioa. Gainera, Oskorrik are ezagunagoa egin zuen errezitatua, 1993. urtean atera zuen Katuen testamentua diskoaren bitartez.

Bizkaiko beste herri batzuetan, Zeberion eta Zeanurin, kasurako, hagina teilatura bota eta saguzarrari abesten zitzaion; eta Lemoizen, ostera, Ama Birjinari. Gainera, hainbat herritan, teilatura barik beheko sutara, oilotokira edota ortura ere jaurti izan dituzte hortzak.

XX. mendearen erdialdetik aurrera, hagina buruko pean uzteko ohitura hedatu zen. Txikia nintzela, hantxe uzten nuen nik neuk ere hagina; eta, lo nengoela, Perez sagutxoa etortzen zen etxera. Hagin zaharraren ordainetan oparitxoren bat uzten zidan: gozoki, jostailu, ipuin edo txanponen bat; detailetxoren bat.

Perezek haginen galera hobeto onartzen lagundu zidan niri neuri; izan ere, beldur eta ardura itzela izaten nion haginak galtzeari. Batetik, odola ikusteak ikaratzen ninduen; bestetik, hagin barik lotzeak. Hala bada, egoera horrek eragindako ezinegona eramangarriagoa izaten lagundu zidan sagutxoak.

Ekain, ostera, beste kontutxo bategatik egon zen arduratuta gau hartan. Perez sagutxoa logelan ikus zezakeela prentsatzeak larritzen zuen gure mutila. Eta biharamunean, goiza argitu orduko, erdi ilunpetan, eskua burukoaren azpian sartu zuen, Perez bertan aurkituko zuen kezkaz. Baina ez, Perez ordurako joana zen; ez noski, burkoaren azpian jostailu bat utzi barik.

 

Ziortza Artabe Etxebarria – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~