Etnografia atalak

0

Mendizale eta artzainentzako meza Egiriñaoko Andre Mari Zuriaren ermitan, Gorbeian. Argazkia: Indalecio Ojanguren.

Mendigoixaleen historiari helduko diogu berriro, XX. mendearen hirugarren hamarkadatik aurrera.

1930ean Jagi-Jagi sortu zen. Berez Alderdiaren diziplinatik kanpo zegoen mendigoixale taldea izan zen, baina EMB izen bera erabili zuten. Talde horrek Jagi-Jagi aldizkaria argitaratu zuen 1932tik aurrera, Elías Gallastegik zuzenduta, asterokoa eta 20.000 aleko tiradarekin.

1930ean ANV-EAE (Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza) sortu zen, ezker moderatuko alderdia, eta horrek ere bazituen bere mendigoixale taldeak: Mendigoixale Euzko Ekintza Bilbon, Mendigoixale Euzkotarra Barakaldon, eta beste herri batzuetan ere bai.

Mendigoixale talderik indartsuenak, Bizkaikoak, Betsaiden egin zuen batzarra 1931ko maiatzaren 24an, 40 talde antolatuk eta 1.000 mendizale abertzalek parte hartuta. Batzar horretan araudia onartu zuten, zuzendaritza izendatu eta EAJ-PNV agintaritzat aitortu. Bizkaiko Mendigoixale Batzak herri gehienetan zeuzkan taldeak une horretan.

Urte horretako abuztuaren 30ean sortu zen Gipuzkoako Mendigoixale Batza (GMB) Itziarren. Handik hiru hilabetera Carlos Linazasoro Maiztegi Altzeta zen burua. Carlos militante abertzale ezaguna izan zen, hainbat ardura politiko bete zituena, eta esan daiteke berak beregan batu zituela kirol mendizaletasuna eta mendizaletasun politikoa.

1932an Arabako Mendigoixale Batza sortu zen, 10 talde zituela, eta Nafarroakoa. Horrek talde gutxi zituen eta denak hara bizitzen joandako bizkaitarrekin lotuta. Lau elkarteok Euzko Mendigoixale Batza (EMB) izenarekin bat egin zuten, Cándido Arregui presidente zela.

Lehenengo Aberri Egunean (Bilbao, 1932) 5.000 mendigoixalek desfilea egin zuten uniforme eta guzti. Horrez gainera, martxak antolatu ziren gauez Bizkaiko bost deiadar-mendietara (Ganekogorta, Oiz, Sollube, Kolitxa eta Gorbeia).

Urte horretan, 1932an, hondamendi itzela gertatu zen Bizkaian, antolatutako mendizaletasunean: alde batetik, Mendizale Federazioa desegin egin zen; eta hiru urte geroago, Bizkaiko Mendigoixale Batza zatitu, eta horrek EAJ-PNV bere mendizaleen saila berrantolatzera behartu zuen, Mendigoixale Aberkos Batza sortuz.

1936an Gipuzko Mendizale Batza sortu zen, eta urte bereko udaberrian mendigoixaleek mitinak egin zituzten Bizkaian eta Gipuzkoan.

“Lenago il” batailoia frontean. Argazkia: Sabino Arana Fundazioa.

Gerra Zibila zela eta, Artxandan mendigoixaleen gorazarrea egin zuten. Euzkadi egunkarian argitaratu zen 5.000 lagunek parte hartu zutela desfilean diziplina eta gogo handiz. Ordu gutxitan heldu ziren Bilboko tontorrera kamioietan, autoetan, eta batez ere oinez. 500 laguneko ilaratan egin zuten desfilea, euskal abertzaleen gogoaren eta diziplinaren erakustaldi gisa.

Abuztuaren 16an etorri zen lehenengo mendigoixalearen heriotza. Borrokan hil zen Bidanian Mikel Alberdi gudaria (EMBko presidenteordea eta GMBko presidentea), 300 mendigoixaleren buru zela. EMB bi batailoitan sartu zen: Lenago il eta Zergaitik ez izenekoetan. Mikel Ayerdi eta Eugenio Orbegozo komandanteak ziren batailoietako zuzendariak, Angel Aguirreche buru zutela.

1945ean EMB oraindik indarrean zegoen. Iparraldean, Candido Arreguik Baionako Ituna sinatu zuen, alderdiek, sindikatuek eta erbesteko mendigoixaleek sinatutakoa hain zuzen ere (PCE, EAJ, UGT, ANV, ELA-STV, CNT, Izquierda Republicana, Socialistas de España eta Partido Republicano Federal).

1964 eta 1969 artean EAJ-PNVko kide ziren gazte batzuek mendigoixaleak birsortu zituzten. Oraindik klandestinitatean zeudela, Iruñeko Aberri Egunean desfilatu nahi izan zuten (1967), baina grisek astinaldi ederra eman zieten. Haietako batzuek ETAra jo zuten, eta gainerakoak sakabanatu egin ziren.

Hauxe da euskal mendizaletasunaren historia, bata-bestearen ondoan egindako bi ibilbidetatik sortutakoa. Ez dakigu elkarrekin harremanik izan zuten, edonola ere ez zen handia izango. Kirol mendizaleek ez zeukaten zerikusirik mendizale politikoekin, gehien jota, baliteke gutxi batzuk bietakoak izatea.

 

Iñaki García Uribe

Aranzadiko Etnografia Saileko kidea eta euskal mendizaletasunaren ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~