«Fulgencio»; «Constantini»; «Ortuellan (Gipuzkoa) jaioa»; «jatorriz, Algortakoa»; «Otello kantatu zuen»; «Scala-ren pareko antzokia eraiki zuen Bragadon»; «Sevillako Bizargina antzezten, baxua hil zuen ezpataz»; «kantatzeari utzi ezin eta alkandora hertsagarria jarri zioten oholtzan»; «La Gioconda-ko aria kantatu Popocatepelt-en gailurrean eta haize izoztuak eztarria hautsi zion»… Gezurrak eta okerrak, baina argigarriak tenorearen historia zertan bihurtu den ulertzeko: legenda kutsuz, akatsez eta neurrigabekeriez zipriztindutako kontakizun zatikatu batean, alegia.
Florencio Constantino (Bilbo 1868 – Mexiko 1919) XX. mendeko hasierako operaren eliteko tenorea izan zen. Orduko firmamentu lirikoan, Enrico Caruso, Luisa Tetrazzini, María Barrientos, Titta Ruffo, Feodor Chaliapin edo José Mardones baxu arabarraren mailako izarrekin batera nabarmendu zen. Argazkiak, egunkari eta aldizkarietako kronikak eta soinu-grabazioak haren handitasunaren lekuko dira. Alabaina, errege-erreginen kutuna izan eta munduko koliseo nagusietan txalotua izan arren, ahanzturatik berreskuratu beharreko pertsonaia dugu Constantino.
Florencio umea zela, familia Ortuellara mugitu zen. Han, 12 urteko mutil koskorrak, meatzaritzan jardun zuen mineral-garraioan, eta geroago, itsasoan konpainia frantses batean. Luisa Arrigorriaga emaztegai algortarra lagun, Argentinarako hautua egin zuten. Mundu Berriko notiziek liluratuta eta foruen abolizioak ezarritako soldaduzka saihestu nahiz, abentura amerikarrari ekin zioten. Bragado hirian finkatu eta gari-jotze lanetan aritu zen Florencio. Hantxe jaio ziren bere lau seme-alabak. Eta hantxe arriskatu zuen ere bere odol beroa 93ko Iraultzaren zerbitzuan.
Aldi berean, gaztearen kanturako dohainak azaleratzen hasi zen festa eta ospakizunetan. Francisco Gradmontagne La Vasconia aldizkariaren sortzailearen gidaritzapean, enpresari baten mezenasgoa lortu eta Milanera joan zen. Emaztea eta umeak Algortara bidali behar izan zituen, eta berak hamaika trikimailu baliatu bizimodua eta prestakuntza aurrera ateratzeko.
Alabaina, ailegatu ziren nekaldien zorioneko ordainak, eta karrera arrakastatsu bati ekin zion Italia, Herbehereak, Errusia, Polonia eta Portugalen zehar. Madrilen Julian Gayarreren oinordeko izendatu zuten. Urte berean (1900) itzuli zen lehenengoz bere sorterrira, laudorioz beteriko kronikek iragarrita. Arriagan egin zuen debuta. «Nerbioiko Lohengrin»-ek etxekoen txaloak eta berotasuna jaso zituen Rigoletto-n eta La Gioconda-n; eta Gernikako Arbola kantatu zuenean, oholtza ia estali omen zuten dozenaka txapel gorrietako bat buruan jantzita, emozioak gainezka egin zuen, kroniken esanetan.
Constantinok bost denboralditan kantatu zuen Euskal Herrian (1900-1904). Gogoko zituen zezenak eta txakolindegiak, eta adiskide izan zituen euskal pertsonaia ezagunak, hala nola Unamuno, Ramiro Maeztu, Aureliano Valle, Arrue anaiak eta Zuloaga pintoreak, edo Mazzantini toreroa. 1903an Iparragirreren «Adio» grabatu zuen Bartzelonan, kantari handi baten euskarazko lehen soinu-dokumentua. Urte berean, Villa Luisa etxe dotorea eraiki zuen Algortan; hantxe emango zituen, familia giroan, mendearen lehen hamarkadako udaldiak.
1911n Algortan izan zen alaba nagusiaren ezkontzan. Ordurako, senar-emazteen arteko harremana erasanda zegoen. Urruntasunak eta bakardade-aldi luzeegiek Luisarengandik apartatzera eraman zuten, eta bizitza artistikoaren amodio itxuraz saihestezinek, harremana behin betiko haustera. Harrezkero ez zen berriro itzuliko herrira.
Debuta Montevideon egin zuen 1896an; 1906tik aurrera, Estatu Batuak eta Hego Amerika izan ziren bere jardunaren eremu. Alice Nielsen-ekin modako bikote lirikoa osatu zuten. La Bohème operaren emanaldiek inoizko mailarik gorena jo ei zuten, eta eurak biak izan ziren Bostongo Operako izar nagusiak. Zeno musika-kazetariak idatzia da: «Rodolfo bere kreazio finenetakoa da. Gogoan dut Bonzi errol horretan, eta hainbat aldiz entzun diot Carusori. Ez dago Constantinoren perfekzioa gainditzen duenik, eta zalantza egiten dut inoiz parekorik izan ote den ere». Metropolitanen 1911n Lucia di Lammermoor eman zuenean, Carusorekin itsututa zegoen New Yorkeko prentsa italiarrak berak ere aitortu zuen Constantinoren maisutasuna.
1912an antzoki bat eraiki zuen Bragadon, panparen erdian. Etorkin gazte zela bera artatu zuen herriari egiten zion oparia zen; baina hori ez ezik, ergeltasun eta handikeria pixka baten ondorio ere bai. Bilbainismoa ote? Antzokia egun bateko lorea izan zen, eta hondamendia Constantinorentzat. Ordudanik, arazo ekonomiko, judizial eta sentimentalei, ahotsarenak gehitu zitzaizkien. Gainbeheraren hasiera zen.
Constantino garaiko tenore handienetakoa izan zen, baina Carusoren ospeak itzal egin zion nabarmen. Horrez gain, bere izaera menderagaitza eta aho beroa galbide izan ziren hainbat enpresari boteretsu eta ustelekin izandako tratuetan; prentsarengandik laudorio gozoak eta mespretxu mingarriak jaso zituen; aberats izan eta erabateko porrota ezagutu zuen; eta kartzelaren lotsa ere hezur-haragietan jasan zuen. Mexiko Hiriko zoroetxe goibel batean hil zen 51 urte zituela. Hango euskal komunitateak eman zion lur.
Constantinorengan bat egiten dute tenore erromantikoak eta abentura-gizonak, eta nobelako pertsonaia taxutzen dute. Dena eduki eta dena galdu zuen: maitasuna, dirua, ospea, ahotsa, eta azkenean, burua ere bai. Gero historiak, artista eta gizona bere oihal ilunaz izkutatuz, sakondu egin du zauria.
Alabaina, hil ostean ere ez zuen atseden hartu Constantinok; bere gorpuzkinek hamabi egonaldiko kalbario sinesgaitza korritu zuten: bankuetako kutxa gotorrak, Laurak Bat Euskal Etxea, Buenos Aireseko katedral ortodoxo errusiarra, edo Julio Goyen biografoaren bulego pribatua, besteak beste. Azkenik, 2012an, ikurriña baten eta Argentinako bandera baten estalpean, Bragadoko Florencio Constantino Kultura Zentroaren mausoleoan ezarri ziren.
Konrado Mugertza Urkidi
«Florencio Constantino, ópera de gloria y olvido», Muelles de Uribitarte, 2013
Hona hemen Florencio Constantinoren bizitzako pasarteak eta Adio kantuaren interpretazioa.