Etnografia atalak

0

Garia ebakitzen Zeanurin (Bizkaia), 1920. Iturria: Felipe Manterolaren Funtsa.

Landa mekanizatu aurretik, uzta eskuz batzen zen garaian, esku batez hartzen zen laborea eta besteaz igitaiari heltzen zitzaion, eta laborea lurrean uzten zen, moztuta; horrela, eskua libre geratzen zen, eragiketa behin eta berriz errepikatzeko. Beste pertsona bat joaten zen atzetik, emakumea gehienetan, sorta haiek jasotzeko; zereal zurtoinak soka gisa erabiltzen zituzten, eta sortak lotzen zituzten, harik eta gabilak osatu arte. Gabila horien bitartez errazago baliatzen zen laborea, ezkaratzera eraman bitartean.

Lana kontu handiz eginda ere, saihetsezina zen ale buruak uztondoan geratzea. Galburuak batzea, hitzez hitz, soroan geratutako buruak batzeko jarduna zen, alferrik gal ez zitezen. Hala ere, kontzeptu hori bera zabal liteke uztaren ondoren aprobetxamendua optimizatzeko helburuarekin egiten ziren antzeko zereginetara ere. Horrela, gisa horretako jardun ugari egiten ziren, hala nola: mahastietan moztu gabe geratutako mahatsa batu, oliben azpian edo zuhaitzean bertan jaso gabe geratutako olibak “batu” edo zuhaitz jakin batzuetara hurbildu (gaztainondoak, intxaurrondoak, arbendolondoak) jaso gabeko fruituen bila.

Jardun haiei dagokienez, funtsezko alderdia da gizartean onartuak zirela, aprobetxamenduaren logikaren baitakoak baitziren. Komunitatearen baliabideak denon onurarako izateko moduan kudeatzen zituzten gizarte hartan –auzokoa izateagatik lortutako eskubide eta betebehar sistema baten bitartez–, udal ordenantzek eurek ere aintzat hartzen zituzten, bai eta babestu ere, baliabide pribatuen aprobetxamendua bultzatzen zuten jarduerak, legezko jabe izan gabe ere, baldin eta aprobetxamendu hori baldintza jakin batzuen arabera egiten bazen, inori kalterik egin gabe. Hala, hainbat arau zeuden galburuak batzeko epeei buruz, sail horietara animaliak eta artaldeak sartu baino lehen; ohitura hori oso zabalduta zegoen eta onuragarria zen animalien jabeentzat edo haien ardura zutenentzat, bai eta lur haien jabe zirenentzat ere.

Galburuak batzeko zeregin hartarako beharrezkoa zen denbora, ahalegina eta pazientzia, baina, uztan lortzen ziren kopuruekin alderatuta, hutsaren hurrengoa zen lan haien emaitza. Kontzeptuaren adiera zabalagoan ere, zeinaren arabera segan egin zitekeen uztatu gabe gelditutako gune haietan (esate baterako, orografia zaila zutelako edo iristeko zailtasunak zeudelako), galburuak batzea, mahats hondarrak batzea edo bilatzea bizirik irauteko jarduerak baino ez ziren, eta bizirik irauteko izaera zuen ekonomia hartako sektore apalenek egiten zuten. Nekazaritza gizarte tradizional hartako egituraren barruan, gizakiek aprobetxatuko ez zutena garbitzen jardun zutenen artean bi talde nagusi zeuden: emakumeak (“buruxkariak”, “txordoketariak”) eta haurrak.

Gaur egun, nekazaritzako lanen mekanizazioak eta gizartearen beraren dinamikek albora utzi dute, egunerakotasunean, galburuak batzearen kontzeptua. Are gehiago, gaur egungo pentsamoldeak berak urrundu egiten gaitu, gero eta gehiago, aprobetxamenduaren ideiatik: joera dago kontsumo etengabekora eta gero eta garestiagora, teorian berriak eta perfektuak diren produktuen kontsumora, eta, bien bitartean, eskura ditugun beste batzuk baztertu egiten ditugu. Dirudienez, gure lehen mundu globalizatutik, gero eta gehiago egiten da hondakinak sortzearen alde (frutarena, elikagaiena, objektuena oro har), haren aprobetxamenduaren alde baino, beharbada beldur garelako halako jarrera gaizki interpretatu litekeela, alegia, gainbeheraren eta miseriaren seinaletzat har litekeela.

Beatriz Gallego — Labrit Ondarea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~