Etnografia atalak

0

Ezkontza-segizioa Bizkaian, 1889. Egilea: Mamerto Seguñi Arechavala (1862-1908).

Harremanetan eta jolas-jardueretan eragin handia izan duten zenbait tradizio (abestiak, inprobisazioak, ipuinak eta elezaharrak, musika- eta erritmo-barneratzeak edota joko eta dantza informalak) gauzatu eta garatu dira familien esparru pribatuan, auzo-taldeetan eta auzo-elkarteetan. XVI. mendetik aitzina penintsulako geografia osoan hedatu zen gizarte-fenomeno horrek Euskal Herrian ere oihartzuna izan zuen, eta modu zabal, espontaneo eta ez bateratuan agertu zen.

Horrexetan aritzen ziren hamaikatxo lagun udazkeneko eta neguko lanegun luze eta desatseginetan, tarteka-tarteka: elkarrekin jolasean eta solasean. Kriseilu baten argitan edo sutondoan egiten zuten solas gaualdiotan belaunaldi desberdinek edo adin-talde jakinek elkarrekin bat, nekazaritza-lan eta zereginetan (artoa, laboreak, lekaleak edo fruituak garantzen), ehungintzan (artilea edo lihoa tratatu eta iruten, puntu egiten edo josten), auzolanean (bide eta bidezidorren garbiketa, konponketak, herri-lurretako mozketak, karegintza eta laguntza solidarioa), biltzar eta bilera profesionaletan (artzainak, abeltzainak, kontrabandistak, ermandadeak edo kofradiak, gazte-taldeak, etab.) edo dibertsio hutsean, zela urteko jaialdietan, zela txerri-hilketan, zela ezkontza eta beste eliza-ospakizunetan, zela taberna eta ostatuetako hizketaldi bizietan, zela udal-areto zein gazteentzako lokaletan, zela bigiretan edo osterantzeko joan-etorrietan.

Familiartekoak eta auzoak txerria hiltzeko elkartuta, Bedia. Iturria: País Vasco: Bizkaia, 1993.

Aipatu ditugun okasioen aitzakian ospatzen ziren gau-iluntzetako jolas horiek, eta, horietan sustatzen zen, elkarreraginean eta jan-edanean bilduta, komunitatearen dibertimendua eta gozamena. Eskura zeukatenaz laguntzen ziren: zartaginak, botilak, morteroak, koilarak, panderetak, mahaiak, edalontziak… Modu espontaneoan edo induzituan agertzen zen dantza, betiere norberaren abilezia edo mugitzeko gaitasuna erakusteko nahiak eraginda, gorputzaren orekari eutsiz kriseilu edo zutargi, zerealak neurtzeko lakari edo baso baten edota bi makila edo gerriko gurutzatuen inguruan; eta, bestela, txikienak animatzen ziren helduen kantuaren soinuan dantzatzera. Halaber, bestelako koreografia bitxiak ere badaude, hanka-joko arinagoak sustatzen dituztenak, erara mugatutako espazioan (lauza, zoru mugarritua…), eta parte-hartzailearen erresistentzia neurtzen dutenak. Antzeko formulak erabiltzen ziren jauzietan eta soltean (jota edo arin-arina), norberaren trebetasuna erakusteko.

Jolas erritmikoak ere egiten ziren eskuekin eta beste gorputz-atalekin, baita oin edo txokoloekin oholtzaren gainean kolpatu ere, sarritan jolas horiekin guztiekin sekuentziak osatuz. Kontuan hartzekoak dira, era berean, beste dantza berezi batzuk (keinuen bidezkoak, komikoak edo eszenikoak), dantzarien mugimenduak nabarmentzekoak edo irri-algara piztekoak. Mila modutan mugitzen ziren dantzariak aulkien inguruan edo gainean: ilaran jarrita, lehenengoaren ezohiko ekintzak imitatzeko lehiatzen ziren; edo hutsegiteek zekartzaten zigorretatik libratzen edota bizkarrean eramaten zuten objektua erre ez ziezaieten ahalegintzen ziren. Dantza-mota gehiago ere egon badaude, bikoteka dantzatzen direnak eta piezen melodia lokalak hartzen dituztenak (jotak, formazio zirkularrak, pasodobleak…), sentsualitatea edo usadio erotikoa gailenduz eta lanbide edo pertsonaien eszenifikazio apartekin konbinatuz (bizarginak, zapatariak, hartz-zaintzaileak, sorginak…).

Jolas- eta dantza-sorta horiek tradizioz zabal ibili diren gizarte-ekintzak izan badira ere, Baztango bailara pirenaikoetan —irri- edo jostaketa-dantzak— edota Lapurdi eta Nafarroa Behereko lurraldeetan —kalapita-iantzak— baino ez diraute bizirik, eta beste paraje batzuetan haur-folklorea delakoan txertatu dira.

 

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~