Etnografia atalak

0

Andra Mari Zuriaren jaiak 1997. Blusen eta nesken koadrilak Matxete plazako eskaileretan. Egilea: Luis Montoya Pérez.

Herri eta hirietako udako festen garaian gaude, eta gazte-taldeen parte-hartzea ezinbesteko faktorea da jai horiek antolatzeko eta ospatzeko. Ikusle hutsak izan beharrean, gazte kuadrillak ekimenak antolatzeko eta haien bizirautea bermatzeko motor bihurtu dira. Jai-giro alaian, haien inplikazioak gizarte-sarea indartu eta komunitateko kide izatearen sentimendua sustatzen du.

Gazteak antolatzeko joera hau ez da berria. Euskal Herriko toki ugaritan gazte-taldeak sortu izan dira lekuan lekuko jaiak antolatzeko. Adibidez, Araban eta Nafarroan “mocería” delako antolaera aspalditik dago bizirik, eta Bizkaian ere zahagi-mutilak izan ditugu duela hamarkada batzuk arte. Talde horiek beti egon dira nortasun, helburu eta hierarkia baten menpe, partaide bakoitzak bere funtzioa duelarik. Gaur egungo jaietan, nahiz eta helburua berdina izan, bestelako lagun taldeak existitzen dira.

Iruñean “peña” formatua daukate eta funtsezkoak dira sanferminetan. Peña bakoitzak bere lokal pribatua dauka alde zaharrean, Jarauta kalean gehienek. Jarduerak antolatzen dituzte, janaz, edanaz, dantzaz eta zezenketaz gozatzeko. Entzierroetan, peñek aktiboki parte hartzen dute, plazan jai-giroa sortuz eta animatuz.

Gasteizeko Andra Mari Zuriaren jaietan  lagun taldeak “blusak” dira.  Antza denez, 1926an hasi zen tradizioa: lagun talde batek, blusak jantzita, zezen plazara bidean musika banda baten erritmoan dantza egin zuenean, bere alaitasuna transmitituz. Blusak jaien arima dira, izan ere, kalejirak, bazkariak eta kalean bizitasuna sustatzen dituzte. Gainera, blusa bakoitzak egun osoan txaranga baten laguntza izaten du. Horrez gain, eurek aukeratzen dute nor izango den Zeledon, eta pertsonaia maitatu honen ibilbidean bidelagun izaten dira.

Donostian, 2003an “Piratak” mugimendua sortu zen, jai-eredu parte-hartzaileagoa, autogestionatuagoa eta sozialki kontzienteagoa bultzatzeko. Lagun taldeei “kofradia” izena eman zaie eta euren artean lantaldetan antolatzen dira ekimenak aurrera eramateko. Aste Nagusiaren programa paraleloa antolatzen dute: bazkariak, kontzertuak, tailerrak eta jolasak, guztia elkarlanaren bidez. Haien ekitaldirik ospetsuena “piraten abordatzea” da. Aste Nagusiko astelehen arratsaldean, denak batera itsasora ateratzen dira eurek sortutako baltsetan, badia hartu eta festa-giroa sortzeko.

Bilbon, Konpartsak 1978tik Aste Nagusiko jaietan parte hartzen duten taldeak dira. Jai herrikoiak antolatzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko modu gisa sortu ziren. Konpartsa bakoitzak bere ekitaldiak antolatzen ditu, hala nola bazkariak, dantzak eta desfileak. Oro har, jaiak musikarekin, mozorroekin eta kultur jarduerekin aberasten dituen sarea osatzen dute. Barne-antolamendua daukate baina udalarekin koordinatzen dira, tradizio komunitario hori bizirik mantentzeko.

Laburbilduz, tradizio horiek guztiek erakusten dute orain ere hainbat komunitate eta gazte-talde antolatzen direla jaiak ospatzeko. Horrela, ohiturak bizirik mantentzen dituzte, herritarren parte-hartzea sustatuz, eta musikaz, kolorez eta komunitatez betetako jai-giroak sortuz. Bakoitzak bere estilo eta izaerarekin, bere herriko aberastasun kultural eta soziala ospatzen du.

Nerea Etxebarria – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~