Etnografia atalak

0

Inude eta Artzainak Donostian. Iturria: Donostia Kultura.

Dantza kontuak han eta hemengo festa askoren erdigunean dauden moduan, Gipuzkoan ospatzen diren inauterietan ere protagonismo handia dute. Lerro hauen bidez Gipuzkoako inaute-dantzetara hurbilduko gara, kontutan hartuta dantzak testuinguru baten zati direla eta, beraz, karnabaletako beste elementuekin nahasten direla ezinbestean; esaterako, dantzarien jantzi edo mozorroak, edota puska-bilketan egiten dituzten dantzak.

Inaute-dantzetan aniztasuna dago Gipuzkoan. Batetik, herri batean baino gehiagotan errepikatzen direnak daude. Kasu horretan, Inude eta Artzainen konpartsak leku nabarmena du Gipuzkoan; izan ere, zazpi herritan egiten da: Astigarragan, Azpeitian, Donostian, Errenterian, Hernanin, Irunen eta Oiartzunen. Bost dantzatan zatitzen da ikuskizuna: Inudeen sarrera, Kontradantza, Inudea eta sendagilea, bigarren Kontradantza eta Zortzikoa. Amaitzeko fandangoa eta arin-arina dantzatzen dituzte konpartsako kide guztiek. Aipatzekoa da dantza elementu garrantzitsua izanik ere, ikuskizuna dantzatik haratago doan parodia modukoa dela.

Lizartzako inauteri-dantzak 1928. urtean. Iturria: Dantzan.eus.

Bigarren, Sorgin-dantza Antzuola eta Bergarako inauterietako ekitaldi nagusienetakoa da. Lezon eta Oiartzunen ere egiten den arren, ez dago inaute-dantza moduan errotuta, festa girotzeko asmoz egiten da. Dantzariak bi ilaratan jartzen dira, ezkerrean Sorginak eta eskuinean Intxixuak. Elkarri keinuak egiten dizkiete; beraz, antzerkiaren eta maite-jolasaren alderdiak garrantzi handia du dantza honetan.

Azkenik, Azeri-dantza aipatu dugu. Izen bera hiru herritan erabili arren, ez da dantza bera. Andoainen puska-bilketara moldatutako Azeri-dantzaren bertsio berri bat egiten dute; Hernanin dantzaren eta jokoaren arteko nahasketa bat; eta Errenterian inauteriei hasiera ematen dien ekitaldia da.

Horrez gainera, herrian herriko inaute-dantzak daude: Lezoko Trapujale-dantza eta Zirikuen zortzikoa; Oiartzungo Ihote-baltsa; Lizartzako iñauteri dantzak; Eibarko Koko-dantza; Aretxabaletako Txino-dantza; Oñatiko inauterietako dantzak; Segurako Jorrai-dantza; Abaltzisketako Txantxo-dantza, Amezketako Talai-dantza; eta berreskuratze prozesuan dagoen Ataungo Mozorro-zuri dantza. Kasu gehienetan, herri bakoitzeko inauterietako egitarauaren zati bereizgarrienak dira dantzok.

Hernaniko Azeri-dantza. Iturria: Urumea arnastu.

Edonola ere, nabarmentzekoa da 1937. urtean inauteriak debekatu zituztela Espainian, eta hurrengo hamarkadetan frankismoak debekua indarrean mantendu zuenez, transmisioan haustura handia gertatu zela inauterien elementu guztietan, dantzak barne. 1980ko hamarkadan berreskuratzeko ahaleginak hasi ziren Hego Euskal Herri osoan zehar eta horrek aldaketa asko ekarri zituen inauterietako dantzetan, hala nola, dantzarako egunean, jantzietan, koreografian, musikan eta baita parte-hartzaileen profilean ere emakumeak dantzan hasi zirenean. Hala, aipatutako inaute-dantza guztiak berreskuratuak izan direla azpimarratu behar da eta zentzu horretan, lekuan lekuko dantza taldeek, kultur elkarteek, ikastetxeek edota banakoek egindako lana txalotzekoa da.

 

Maddi Dorronsoro – Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~