Urtero, azaroaren amaieran eta abenduaren hasieran, San Andres azoka dela eta, Gordexola eraldatu egiten da. Molinar plaza, zelaia eta inguruko kaleak karpez, animaliez, artisau-postuez eta eskualdeko eta urrunagotik etorritako jendez betetzen dira. Gordexolako San Andres azoka Enkarterrian ondo errotutako ohitura da.. 1709. urtean dokumentatu bazen ere, haren sustraiak askoz sakonago daude landa munduko memorian.
Hasieran, abeltzaintza bereziki garrantzitsua zen testuinguru batean, San Andres feria Gordexolako bizitzaren zentro ekonomiko bihurtu zen. Garai hartako baserri ekonomian, abere handiak —idiak, behiak, zaldiak— ez ziren ondasun hutsak, familia bakoitzaren lan-ahalmena, estatusa eta etxearen iraupena bermatzen zuten oinarrizko elementuak ere baziren. Beraz, azoka urteko egun garrantzitsuenetarikoa zen baserritarrentzat, tratuak egiteko edo harreman komertzialak berritzeko. Baina azokaren garrantzia ez zen ekonomia esparrura mugatzen, inguruko jendea elkartzeko aukera zen eta komunitatea egituratzeko eginkizun nagusi bat ere betetzen zuen.
Denbora pasa ahala, industria heldu zen eta abeltzaintza guztiz eraldatu zen; eta azokaren izaera ere horretara moldatu zen., azokaren izaera ere moldatu zen. Ez zen desagertu, gordexolarrek euren tradizioari gogor eutsi ziotelako. Abereek protagonista izaten jarrai dezaten lehiaketa eta erakustaldiak eraldatu egin dituzte. Abereen presentzia ez da soilik transakzio ekonomiko baten parte, belaunaldien arteko transmisioa eta baserri-kulturaren memoria eta aldarrikapena ere bada. Horren adibide da Enkarterrietako astoaren txapelketa, haraneko animalia esanguratsua, gaur egun babestuta dagoena, desagertzeko arriskuan dagoelako.
XX. mendearen bigarren erditik aurrera, San Andres azokak bestelako zabalpen bat izan zuen. Tokiko produktuen eta artisautzaren presentzia handitu zen. Urtero jan-edanen postuetan gazta, eztia, ogia, hestebeteak edo txakolina erosteko aukera dago. Horrez gain, lehen eguneroko bizimoduarekin lotutako egitekoak, orain artisau lan bezala aurkezten dira, hala nola saskigintza, zurgintza edo zeramika, besteak beste.
Gaur egun, San Andres eta Sortzez Garbiaren Azoka —egutegia dela eta jai biak batzen dira— abenduaren lehen igandean ospatzen den jai herrikoia da. Abereen lehiaketek eta erakusketek, oraindik ere, parte hartzaile ugari erakartzen dute, eta horri esker abeltzaintza tradizionala, neurri batean bizirik mantentzen da. Baina feria gaur egun askoz gehiago da: herri-kaleak betetzen dituen giroa, musika, tailerrak, haurrentzako jarduerak eta bisitarien presentzia masiboa dira bere identitate berrituaren adierazle. Horregatik, San Andres Azoka ez da gordexolarren iraganeko aztarna bakarrik; herriaren gaur egungo arimaren adierazgarri bizi eta berriztagarria da.
Nerea Etxebarria – Labayru Fundazioa