Badaude famatuak diren pertsona ezezagunak. Gaurko aipamena horietarikoa da. Daniel Velez izena du. Euskaldun gutxik daki nor den; alta, gehienok ezagutzen ditugu bere argazkiak. 88 urte dituela, bere argazkilari ibilbidea kontatzen dizularik azken 60 urteetako lekuko garrantzitsu baten aurrean izateaz jabetzen zara.
Daniel Velez Baionako prentsa argazkilaria izana da, gehien bat Sud-Ouest egunkariaren izenean, 1960. urtetik 1998ra arte. Kasualitatea, ETAren sorreratik Lizarra Garaziko Hitzarmena sinatu zen urtera arte. Tarte horretan izan diren gertakari historiko gehienen begia izan da.
Hemingwayrekin hasita
1060ko hamarkadaren hastapenean hasi zen argazkigintzan aitaren Donibane Lohitzuneko dendan. Egun batez, Velezen aitak Ernest Hemingway idazleari argazkia egin zion, Baionako zezen plazan. Biharamunean, semea idazlearengana bidali eta bezperako argazkiaren ale batean eskaintza eginarazi zion. Luzaz gorde zuen Hemingwayren argazki hori. Duela zenbait urte Daniel Velezek argazkia eskaini zion idazleak Kuban duen museoari.
Euskal Herriko kultura
Nola ahantziko du 1970eko irailaren 18a, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Joseba Elosegik bere burua sutan bota zuen eguna? Baionara itzultzeko ordua hurbiltzen ari zitzaiola, Elosegik su eman zion bere buruari Francoren aurrean. Kazetari zahar baten kontseilua segituz, Velezek beti argazki pare bat uzten zituen argazki filmean, zer gerta ere. Elosegi sutan ikusita bi argazki atera zituen, hartzen zuen irudiaz zehazki jabetu gabe. Gorputz errearekin zihoazen suhiltzaileak segitu zituen eta handik lekutu. Kasualitatez horrela abiatu zen Baionarantz, argazkiak kameran eramanik. Berantago jakin zuen beste argazkilari orori pelikula guziak kendu zizkiola Guardia Zibilak.
Velezek dio: “Argazkilaritza %20a lana da eta beste %80a kasualitatea”.
Oroitzapen hunkigarriena: Monbarreko erailketa
Halabeharrez edo kontzientzia profesionalaz, GAL talde terroristaren garaian (1983-87), lanetik ateratzean, Baionatik buelta bat egiteko ohitura hartu zuen argazkilariak, elkarretaratzeak noiznahi antolatzen baitziren garai horretan. 1985eko irailaren 25ean ere horrela egin zuen eta lau euskal militanteen erailketa gertatu berri zen Monbar ostatu aurrera iritsi, eta gertakari latzaren lehen lekuko bihurtu zen; egun ilun bezain odoltsu horren irudia Euskal Herriari emanez.
Ez dok Amairu
Bankako azken ikazkinaren, artzain gasna egileren, eta desagertu edo asko aldatu diren hainbat lanbideren lekuko pribilegiatua ere izan zen Velez.
Azkenik, nork ez du ikusi Zazpiribai taldearen argazki hau?
Ez Dok Amairuren ondotik, euskal artistek osatutako Zazpiribai taldearen argazkia 1972koa da, ikuskizuna abiatu baino bost minutu lehenago, Baionako antzokiko oholtzaren atzean hartua.
Velezek, paperean baino, bere baitan grabaturik daramatza argazkitan eman dizkigun une guzi horiek. Guk, Une photo, une histoire (Daniel Velez, ZORTZIKO argitaletxea) liburuan ikus dezakegu, ezezagun famatu honen obra.
Pantxix Bidart Pla
Photos Daniel Velez Pas Iturria